Hala, euskararen erabilera bultzatzeko, ghettoak sortu eta indartzea aukera polita dela esango nuke; kasurako, eremu erdaldunetako ikastetxeetan, euskaraz bizitzeko prest dagoen gutxiengoa gainontzekoetatik bereiziz. Ghetto horiei, gainera, ikusgarritasuna eman beharko litzaieke, ekimenetan protagonismoa emanez, erdaldunak erakarriz eta batuz; zurrunbilo baten begira biltzen diren korronteak bezala. Euskara desberdina dela ikusarazi eta prestigioa eman behar diogu.
Erakutsi behar dugu hizkuntzari loturiko kultura adierazpen propioak dituela; baina, bestalde, zernahi aldarrikatu daitekeela euskaraz, aisialdi euskalduna zilegi dela eta hitz egin daitekeela Telecincoko saioen inguruan ere euskaraz. Erabileraren aurpegia zizelkatzen hasteko garaia dugu; jakin, gazteen artean gehienek dakitelako.