"EAJ-PNVren hauteskunde programaren irakurketa"

Erabiltzailearen aurpegia

Arrasateko EAJ-PNVko Uri Buru Batzarrak Iñigo Urkullu hautagaiaren ardatz nagusiak aztertu ditu.

Krisi ekonomikoa, bakea eta Euskal Herriaren burujabetzarako estatus berria. 

Hiru ardatz hauek oso egokiak eta beharrezkoak dira Euskal Herriarentzat eta hirurak dira EAJren hauteskunde programaren ardatz nagusi. Lehentasuna krisi ekonomiko hau gainditzea bada ere, bakea eta elkarbizitza sendotzea izango da estatus edo egoera politiko berri baten ataria. Aipatutako hiru ardatzak bateragarriak dira eta hirurak behar-beharrezkoak Euskal Herriaren burujabetzaren bidean egoera politiko edo estatus berri hori lortzeko. Gure konpromisoa gure herriaren garapena da, inork ez baitigu ezer musu-truk emango, eta geuk egin beharko dugu aurrera gure indarrarekin. Guk urte askotako esperientzia dugu herriaren kudeaketan. 30 urtetik gora bizi izan dugu euskal herrigintza EAJk gidatuta. Orain dugun egoera politikoak krisi ekonomikoa jarri du lehentasun bezala eta politika publikoen kudeaketa hobea eskatzen du egoera honek, baina horrek ez du esan nahi politika publiko hauen eta egunerokotasunezko gaien inguruko erabakitzeko eskubidea baztertu behar denik. 

Krisi ekonomikoa inkonpetenteentzat bakarrik da aitzakia hutsa.

Aberastasuna sortzea beharrezkoa da giza beharrei aurre egiteko. Ezinezkoa da, batzuek aldarrikatzen duten bezala, giza beharrei aurre egitea eta murrizketarik ez egotea aberastasunik sortu gabe.

Bakearen sendotzea. ETAren mehatxurik gabeko lehen hauteskundeak dira eta urte askoren ondoren, ezker abertzalea aurkeztuko da beste alderdiekin batera.

Bi arrazoi horiek direla-eta oso garrantzitsuak izango dira hauteskunde hauek eta beharrezkoa da etorkizuna oinarri sendoetan eraikitzea, iragana ahaztu gabe. Baina gauza bat argi utzi nahi genuke: Euskal Herriak bide politikoetarako trantsizioa gertakizunen egiatik egitea merezi du. Ez dugu deserosotasunez hartu behar egia eta memoriatik sortutako bakea Uria, Carrasco edo Kortaren erailketak gogoan hartu gabe, beste askoren artean.

Euskadirentzat estatus berria. Ia 33 urte daramatzagu Gernikako estatutua onartu zela eta oraindik erabat bete gabe dago. Bestalde, egoera sozio-politiko eta ekonomikoaren aldaketa garrantzitsua eman da Espainiako Estatuan eta Europan. Espainiako konstituzioan ez da Europaz hitz egiten. EAJren eta bere presidente Iñigo Urkulluren planteamendua 2015erako estatus politiko berri bat lortzea da. Hau da, alderdi desberdinen arteko adostasunez eta Eusko Legebiltzarrean onartuko den izaera politiko berri bat lortzea da. Ez dio inork beldurrik izan behar Euskadin zabalduko den epe berriari. EAJk marko berri honen negoziazioari ekin nahi dio adostasunetik, eta ez konfrontaziotik.

--------------------

Juan Karlos Garitano 

Arrasate

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.