Bazen Antzuolan, Estala gainean, toki bat herritar askorentzat kuttuna, Pagapea bezala ezaguna zena. Iturri bat ere bazen, gaur egun lehortuta, desagertuta. Sasoi baten, gurasoei hala entzunda, udako arratsaldeetan merienda hartuta bertara joaten ziren arratsalde-pasa.
Autobiaren obrak hasi zirenean, lurrak mugitu eta nonbaitera bota behar eta, pentsatu zuten Estalako futbol zelaiaren gaineko aldea betetzea: Pagapea, hain zuzen. Izan ziren ika-mikak, kezka eta zalantzak herritar askoren aldetik, erreguak halakorik ez egiteko zuen arriskuagatik, baina basoa bota egin zuten. Lanak egiten hasi ere bai, baina teknikariek ikusi zutenean lurra ez zela batere egonkorra, bertan behera utzi zuten euren asmoa, baina ordurako Pagapea galdua zen.
Gogoan dut orduko Aldundiko agintariek nola agindu ziguten bertako espezieak landatuko zituztela –orain ez, sasoia ez delako–, baina kito! Ez zen halakorik gertatu eta hor gelditu zen lur eremua biluzik eta gu, ondarerik gabe.
Lesakakoa ideia erakargarria iruditu zait; ni prest nengoke, eta uste dut nahi duten haur, guraso eta herritarrendako gauza ederra litzatekeela galdu zena berreskuratzen saiatzea.
Mutikoa nintzela, Arrola Mendizale Taldeak antolatuta, Deskargatik Arrolara doan bidean landatu genituen zuhaitzak, nik urki bat landatzen parte hartu nuen; gaur egun, bide horretatik pasatzen naizenean, eskua bere enborreko azal zurian ipiniaz agurtzen dut. Ederra litzateke hemendik 30 edo 40 urtera gaur egungo Antzuolako haurrek gauza bera egin ahal izatea Pagapean.
Hori bai, agindua zor, zuhaitz landareak ordaindu eta ekarri ditzala Aldundiak, eta landatzera joango gara herritarrok.
----------
Joseba Iparragirre San Sebastian
Antzuola