Gobernuari mehatxuka

Erabiltzailearen aurpegia Josu Garitaonandia 2022ko ots. 19a, 00:00

Pentsa nolako indarra duten argindar-enpresek: Espainiako Gobernuak, elektrizitatearen prezioei eutsi nahian, argindar-enpresa handiak behartu nahi ditu euren irabazien zati bat prezioak jaistera bideratzera. Horren harira, argindar-enpresek mehatxuka erreakzionatu dute.

Argindarraren merkatua berezia da. Nuklearrak, berriztagarriek, enpresa hidroelektrikoek eta abarrek euren prezioetan egiten dute eskaintza, baina jakinda ordainduko dieten prezioa merkatuan dagoen garestiena izango dela; hau da, gasaren prezioan. Adibidez, arrandegi batean erosten badituzu txitxarroa, legatza, muskuiluak eta angulak, denak batera pisatuko dizkizute eta prezio garestienean saldu. Hau da, angularen prezioan.

Gobernuaren arrazoiak zentzuzkoak dira; enpresa hidroelektrikoak, bere garaian, diru publikoarekin egin ziren, eta beste gobernu batzuek argindar-enpresa handien eskuetan laga zuten planteatu dietena: hemen sortutako elektrizitatea ez dezatela gasaren prezioan kobratu. Baina Europa mailan legeak behartzen du horrela kobratzera; puntu honetan, Gobernuak esan die hortik sortutako irabaziak bideratu ditzatela elektrizitatearen prezioa jaistera. Beste borroka batzuk ere badituzte: Espainiako urtegi batzuen ur-maila larregi jaitsi da elektrizitatea sortzeko, eta horrek arazoak sortu dizkie inguruko biztanleei; kasualitatea ote? Edo argindar-enpresa handien beste trikimailuren bat da euren poltsikoak betetzeko?

Ez dakit Gobernuak ezer lortuko duen, baina zuk bai: ez erosi argindar-enpresa handiei, pasa zaitez kooperatiba energetiko batera. Ez naiz hau esaten duen bakarra: Facua kontsumitzaileen elkarteak ere esaten du.

----------

Josu Garitaonandia

Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak