2018ko otsailaren 12an, 17:14an, Osintxutik baten batek deitu zuen 112 telefono zenbakira, esanez Deba ibaian arrainak hilak agertu direla.
Ertzaintza zazpi minutuan bertaratu zen.
Geroxeago, 19:55ean, Soraluzetik beste batek deitu zuen 112 telefono zenbakira –honi ere eskerrak ematen dizkiot–, eta Ertzaintza zortzi minututan heldu zen.
Ez erreparatu bigarren kasuan minutu bat beranduago heldu zirela, baizik eta ia lau ordu geroago arazo bati erantzun publiko eskasa eman zitzaiola.
Egun hartan, Eusko Jaurlaritzaren Urak Departamentuko pertsona bat hurbildu zen, eta ez zuen ikusi arrainik hilda.
Beraz, ez zuen hartu ur-laginik.
Gipuzkoako Foru Aldundiko basozain batek, baina, arrain hilak ikusi zituen eta ur-lagina jaso zuen.
Eta, hain zuzen ere, zianuroa azaldu zen ur-lagin hartan.
Horren harira, gogoratu beharra dago 2013ko abenduan zianuroaren eraginez arrain hilketa gertatu zela, eta 2011ko irailean ahateak eta arrainak hil zirela, baina ez dakigu zergatik.
Hurrengo egunean, berriz ere Ura Departamentuko pertsona batek hartu zuen ur-lagin bat, baina ez zen zianuro arrastorik azaldu.
Normala da, aurreko egunean isuritakoa, seguru aski, itsaso aldean egongo zelako, baina Ura Departamentua ondorengo egunetan inguruko lantegietan ibili zen ur-laginak hartzen, bekatariaren bila.
Orduan ere, errudunik ez zuten aurkitu, baina bai Bergarako lantegi bat lasai asko permanganatoa isurtzen zebilela ibaira.
3.500 euroko isuna ipini zioten.
Kopuru txikia, gauzak ondo egin edo ez zalantzan jartzen duen horietarikoa.
Ikusten duzuen bezala, asko dago hobetzeko, baina zuek hor segi Deba ibaia zaintzen.
Zerbait arraroa sumatuz gero, deitu 112 telefono zenbakira.
----------
Josu Garitaonandia
Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna
Bergara