Irailean bost urte beteko dira Bergaran hondamendi ekologikoa gertatu zenetik; lehenik ahateak eta gero arrainak hilik agertu ziren, arduradunik ez da azaldu, berriz ez gertatzeko neurririk ez da hartu, eta hurrengo isurketa noiz izango den zain gaude.
Udara begira lantegietan mantentze-lan gehiago egiten dira, hondakin gehiago sortzen dira eta ibaira isurtzeko tentazioa handia da, diru pixka bat aurreratzeagatik.
2013ko abenduan, Gabonetan, jarduera industrialik ez zegoela, Osintxu eta Elgoibar artean arrainak hilik azaldu ziren; ur asko zeraman sasoia zen, eta arduradunik ez dira azaldu.
Beste arazo bat da udan festa gehiago egoten direla eta ibaian ur gutxiago; kaleak garbitzeko erabiltzen diren ur zikinak, gehienetan, ibaira doaz. Urok batu egin beharko lirateke, eta araztegi batera eraman. Kontzientzia hartu behar dugu: jaietan ondo pasatzeko, ez dago zertan bazterrak zikindu; udal arduradunek neurriak hartu beharko lituzkete, kaleak produktu kimikorik erabili gabe garbi ditzaten.
Egoera okerrena udako hilabeteetan etorriko da; beraz, denok begiak zabalik, eta Deba ibaian zerbait arraroa sumatuz gero, 112 zenbakira deitu.
----------
Josu Garitaonandia
(Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna)
Bergara