Artizarrean, eguna luzeago urtea baino

Erabiltzailearen aurpegia

Artizarra –edo Venus– gertuen daukagun planeta da; gauez, ilargiaren ondoren, distira handien egiten duena da; eta egunez, ikus daitekeen planeta bakarra da.

Suposa dezagun arazo larriak ditugula bizi izateko Lurrean, eta Artizarrera joan beharra daukagula; Biblian aipatzen dena eguneratuz, Noe-ren batek itsasontziren bat egin beharrean espazio-ontziren bat egin beharko luke Lurra planetako bizitza hara eramateko.

Behin Artizarrean kokaturik, harrituko gintuena izango litzateke hango eguna luzeago dela (gure 243 egun dira) hango urtea baino (gure 225 egun); tira, moldatuko ginateke. Izan ere, askotan gertatzen zaigu egun batzuk luzeagoak egiten zaizkigula eta konturatu orduko urteak joaten zaizkigula. 

Eguzkia ikusiko genuke mendebaldetik irteten eta ekialdetik sartzen; justu, Lurra planetaren kontrara. Gizakiok aldrebeskeria asko ikustera ohituak gaude, eta horretara erraz moldatuko ginateke. 

Airearen presioa handiagoa da Lurra planetan, itsaso barrenean kilometro batera dagoena, hain zuzen; gizakiak asmatu ditu presio horiek jasateko urpeko-ontziak. Hortaz, gauza izango gara presio hori jasan dezaketen espazio-ontziak egiteko. 

Hozberoarekin arazo gehiago izango genituzke Artizarrean: CO2 asko dago, eta ez da jaisten 400 gradutik; eguzkitik gertuago dagoen Merkurio planeta baino beroagoa da. Baina ez dut uste gizakiok asmatu dugunik azido sulfurikozko hodeien artean ibil daitekeen tramankulurik; izan ere, hozbero handien ondorioz eratzen diren laino arraroen artean azido sulfurikozko lainoak daude.

Artizarrean ez dago zuhaitzik eta Lurrean gero eta gutxiago daude; estimazio batzuen arabera, Gipuzkoako azaleraren halako 66 gutxitzen dira basoak mundu mailan, urtean. Joera ez badugu aldatzen, ondorengo belaunaldientzako arazo larria izango da. Ez dakit gauza izango diren Artizarrera joateko, baina lagako diegun Lurra Artizarraren antzerakoa izango da eta eguna oso luzea egingo zaie, bizirik irauteko izango dituzten arazoen ondorioz.

----------

Josu Garitaonandia 

(Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna)

Bergara

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.