Irailean lau urte beteko dira Bergaran hondamendi ekologikoa gertatu zenetik; lehenik ahateak eta gero arrainak hilik agertu ziren, arduradunik ez da azaldu, berriz ez gertatzeko neurririk ez da hartu, eta hurrengo isurketa noiz izango den zain gaude.
Udara begira lantegietan mantentze-lan gehiago egiten dira, hondakin gehiago sortzen dira eta ibaira isurtzeko tentazioa handia da, diru pixka bat aurreratzeagatik.
2013ko abenduan Gabonetan, jarduera industrialik ez zegoela, Osintxu eta Elgoibar artean arrainak hilik azaldu ziren; ur asko zeraman sasoian zen, eta arduradunik ez da azaldu.
Beste arazo bat kutsadura biologikoa da, kanpoko landare eta animaliak baititugu; adibidez, Deba ibaia da Gipuzkoatik bisoi amerikarra gehien azaltzen den tokia, eta Bizkaiko eta Arabako egoera okerragoa da: bisoi amerikarrek bisoi europarrak baztertu edo hiltzen dituzte.
Bisoi europarra babesteko, bisoi amerikarra kendu beharra dago; kanpaina hori Europa mailan dago antolatuta eta Gipuzkoako ibaien ardura Gipuzkoako Foru Aldundiak dauka. Kanpaina burutzeko, boluntarioen lana ezinbestekoa da; horrenbestez, boluntario izatera animatzen zaitut.
Esan bezala, aurtengo egoera okerrena udako hilabeteetan etorriko da; beraz, denok begiak zabalik, eta Deba ibaian zerbait arraroa sumatuz gero, 112 zenbakira deitu.
----------
Josu Garitaonandia
(Oparitu Zuhaitz Bat egitasmoaren arduraduna)
Bergara