10.000 urtean hozberoan bost graduko aldaketak egon dira eta izaki bizidunek denbora horretan egokitu behar izan dute.
Orain, gizakiak sortutako aldaketa klimatikoarekin, 2050ean bost gradu inguru gehiago edukiko dugu. Izaki bizidunek ez dute denborarik egoera berriari ohitzeko, eta, gainera, etengabe berotzen joango den arriskua daukagu.
Venus planetan CO2 asko dago eta 500 gradu inguruko hozberoa, eguzkitik gertuago dagoen Merkurio planeta baino 100 gradu gehiago ditu.
Ekonomian galera galantak ekarriko ditu; orain dela 500 urte egon zen hotzaldi txikian Valentziako laranja eta limoi zuhaitzak desagertzen joan ziren. Orain jasango duguna aldaketa bortitzagoa izango da, batez ere, herrialde txiroetan.
Gizakiaren historiako une kritiko honetan ezin dugu galarazi aldaketa klimatikoa, bertan gaude murgildurik; ziur asko, aurten gure kostaldean jasan ditugun ekaitz eta olatu handiek eragindako kalteak aldaketa klimatikoaren froga bat izango dira.
Kontua da bere ondorioak gutxitzea, eta ezinbestekoa da gure Ama Lurrean bizi garen gizaki guztiak elkarlanean hastea; planeta bat daukagu eta gure etxea balitz bezala bere hozberoa kontrolatzen ikasteko asko falta zaigu. Bitartean, gure eskuetan dagoen dena egin dezagun: ingurugiroa zaintzeaz gain, esaten diguten aholku guztiak praktikan ipintzen.
----------
Josu Garitaonandia
(Equo Bergara)
Bergara