Enpresak, izaki bizidunak bezala, jaio eta hil egiten dira, eta, beraz, ekosistema ekonomiko osasungarria izateko funtsezkoa da etengabe enpresa berriak sortzea, desagertu berez desagertzen direlako... Euskadin 57.000 enpresa inguru existitzen dira, eta, urtero 3.000 enpresa berri sortzen badira ere, kopuru hori nahiko egonkor mantentzen da, sortutako enpresen kopurua eta desagertutakoena oso antzekoa baita. Arrakastatsu izateko eta bizirauteko, enpresa berri batek ezinbestekoak ditu bi osagai nagusi: ekintzaile ona eta ideia ona izatea.
Baina zergatik erabakitzen du pertsona batek ekintzaile bihurtzea? Argitaratu berri den Euskal Ekintzailetzaren Behatokia-ren txostenean bi arrazoi nagusi ematen dira: gehiengoak behar edo interes pertsonalengatik egiten du; hau da, diru-sarrerak behar dituelako edo bere burua aberastu nahi duelako. Baina bada kopuru bat, nahiz eta txikiagoa izan, mundua aldatzeko nahiagatik egiten duena; alegia, munduari ekarpen positiboa eginez irabazi nahi duelako bere bizimodua.
Izan ere, enpresek, beraien langileen bizitzan eragina izateaz gain, inguruan duten gizartearengan eta mundu mailan ere eragina dute. Ondorioz, enpresen arrakasta neurtzerakoan ezin ditugu aldagai ekonomikoak bakarrik kontuan hartu; inpaktu soziala ere neurtu behar dugu, baita nola egiten diren gauzak ere. Horregatik, gizarte orekatuagoa nahi badugu, interes pertsonaletik haratago, proiektu kolektiboen aldeko apustua ere egin behar dugu, herrian errotutako enpresa berriak eraikiz, epe luzeko ikuspegia dutenak, kalitatezko lanpostuak eskaintzen dituztenak eta bai barrura zein kanpora begira elkartasunez jokatzen dutenak. Hamarkadak daramatzagu hori egiten gure inguruan, eta kooperatibak deitzen diegu; etorkizunerako ere formula ezin hobea, zalantzarik gabe.