Guraso gehienok ez ditugu oso ondo menperatzen eta, hala ere, umeen eta gazteen eskuetan utzi ditugu, beraiei bideratutako entretenimendu tresna sinpleak izango balira bezala eta, kasu askotan, behar den moduko kontrol neurririk gabe.
Sare sozialetako edukiak ez dira inozoak eta helburu garbi bat dute: publizitatearen bidez dirua irabaztea. Berez, hori ez litzateke arazo bat izan beharko, betidanik egon baikara publizitateaz inguratuta telebistan, irratian, kalean... Baina sare sozialek badituzte bi ezaugarri kontuan hartzeko modukoak: alde batetik, kasu askotan, arautu gabeko publizitatea da, influencer-ek beraien eguneroko kontakizunetan sartzen duten publizitatea bezalakoa. Horren adibide garbi bat azala zaintzeko kremak dira. Azken bolada honetan, adin desberdinetako umeen eta gazteen azala zaintzeko kremen erabilpena pila bat igo da –skincare-a–, dirudienez, influencer-ek egiten dituzten kanpainen ondorioz. Beste adibide batzuk kirurgia estetikoa eta elikadura-dietak dira, enpresek influencer-ak erabiltzen baitituzte beraien produktu eta zerbitzuak promozionatzeko. Eta atzetik, betiko mezua, edertasuna argal egotearekin, granitorik ez izatearekin eta gorputz perfektua izatearekin lotuz.
Bestalde, sare sozialek badute beste ezaugarri nagusi bat ere: adiktiboak izateko diseinatuak daudela. Edukiak aukeratzeko algoritmo adimentsuak erabiltzen dira, erabiltzailearen jokabidean oinarrituta, beretako interesgarrienak diren edukiak aukeratzen dituzte, eta modu pertsonalizatuan eskaintzen dizkiote. Zuzenean bere burmuinera. Horrela, erabiltzaileek orduak eta orduak pasatzea lortzen dute eta horri esker publizitatearen diru sarrerak handitzea lortzen dute.
Beraz, uste dut badugula lana: erakundeek, sare sozialetako publizitatea arautzen; eta gurasook, gure seme-alabak sare sozialen ondorio negatiboetatik babesten, heziketaren eta kontrolaren bidez –nagusienen kasuan, autokontrola–.