Gerra 'hotz' berria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2023ko api. 21a, 00:00

XX. mendeko Gerra Hotza, Sobietar Batasunaren eta AEBen arteko gerra ideologikoa ez ezik, teknologikoa ere izan zen –nuklearra, espaziala, armamentistikoa…–.

Sobietar Batasunaren desegitearen ondoren, AEBak munduko superpotentzia bakar moduan gelditu ziren, eta, beraz, lehia teknologikoa ere bertan behera gelditu zen. Azken urteetan, ordea, Txina bere lekua eskatzen ari da munduan, eta, ondorioz, beste gerra teknologiko batean murgildu da mundua. Norgehiagoka horren lehen urratsak 2015ean egin ziren, Txinak mundu mailako lidergo teknologikoa lortzeko helburuarekin Made in China egitasmoa aditzera eman zuenean.

Amerikarrek beraien lidergo teknologiko eta militarraren mehatxu moduan ikusi zuten plan hura. Horregatik, AEBetako Gobernuak gerra teknologikoa deklaratu zion Txinari, hiru neurri nagusi martxan jarriz lidergoa sendotzeko asmoz. Lehena, Txinari blokeo teknologikoa ezartzea –bereziki, mikrotxipen, adimen artifizialaren eta superkonputagailuen arloan–, txinatarrek beraien teknologia garapenetan inolako laguntzarik izan ez dezaten. Bigarrena, espioitzarako erabilia izan daitekeen edozein teknologia txinatarren erabilpena debekatzea. AEBetako Gobernuaren arabera, teknologia txinatarrean oinarritutako gailu guztiak susmagarriak izango lirateke, Gobernuaren mesederako espioitza egiteko erabiliak izan daitezkeelako –hori izan da Huaweiren teknologia eta Tiktok baztertzeko argudioa–. Hirugarren eta azken neurri moduan, teknologia amerikarrari bultzakada nabarmena emateko asmoz, AEBetako Gobernua dirulaguntza eta inbertsio itzelak bideratzen ari da industria amerikarrera.

Ondorio ezezagunak izan ditzakeen bi superpotentzien arteko espiral berri batean sartzen ari da mundua, eta ez dago jakiterik noiz eta nola amaituko den gerra hotz berri hori. Norgehiagoka larriagotzen ez den bitartean eta modu hotzean gertatzen den bitartean, gaitz erdi...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak