Bi urte eta erdi pasa ondoren, badirudi pandemia kontrolpean dugula eta gure bizitza soziala %100ean berreskuratu dugula. Pandemia garaiko murrizketak atzean gelditu dira eta aurretik genituen ohituretara itzuli gara. Baina badaude pandemiaren eskutik etorri eta gure artean gelditu diren aldaketak, eta horien artean, seguruenik, garrantzitsuena telelana da.
Konfinamendu garaian, egun batetik bestera pertsona asko etxetik lan egin beharrean aurkitu ginen. Langileen eta enpresen ahaleginari esker, oro har, esperientzia arrakastatsua izan zen, bai pertsonentzako eta baita enpresentzako. Lan mota asko etxetik ere egin daitezkeela ikasi genuen, horren abantailekin –desplazamenduak eta denbora aurreztea– eta desabantailekin –harreman sozialak gutxitzea–. Horregatik, ez da harritzekoa langile gehienak inkestetan lan formatu hibridoen alde agertzea –egun batzuk etxetik eta beste batzuk lantokitik–, abantaila eta desabantaila horiek uztartzeko.
Lan mota batzuetan, bereziki, teknologikoenetan, telelana ez da amaitu pandemiarekin. Alderantziz, oso ohikoak dira gutxienez egun bat telelanean eskaintzen duten enpresak, eta elkarrizketetan arraroa da telelanaren aukerari buruz galdetzen ez duen ingeniaria. Oraindik asko daukagu ikasteko lan egiteko modu honen inguruan, bereziki, epe luzeko ondorioei dagokienez, nahiko berria baita gure inguruan, baina argi dago telelanak abantaila nabarmenak ekartzen dituela pertsonentzako eta, ondo kudeatuz gero, baita enpresentzako ere. Horregatik, guztiok arduratsu jokatzen badugu eta ondo kudeatzen ikasten badugu, ez daukat zalantzarik telelana gelditzeko etorri dela gurera ere.