'Tekno'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2021ko eka. 25a, 00:00

Irakaskuntza asko aldatu da nire ikasle garaietatik. Egunero ikusteko aukera dut zuzenean nire seme-alaben bitartez eta baita nire lantegira hurbiltzen diren hainbat ikasleren bidez. Gauza asko hobetu dira, zalantzarik gabe. Horien artean, ahozko komunikaziorako abileziak –aurkezpenak egiteko trebezia asko lantzen dute gazteek–, abilezia digitalak – ordenagailuak guztiz menperatzen dituzte– eta talde-lanean proiektuak aurrera eramateko garatzen dituzten gaitasunak azpimarratuko nituzke.

Badaude beste gai batzuk, aldiz, ez direla hainbeste hobetu. Horien artean, bi aipatuko nituzke: ingelesa eta teknologia. Ingelesari dagokionez, harrigarria da txiki-txikitatik –aurre-eskolatik– ingelesa ikasten egon arren, oso gutxi direla benetan ingelesa menperatuz enpresara iristen diren pertsonak.

Teknologiari dagokionez ere espero zitekeena baino gutxiago aurreratu dugula uste dut; batez ere, tekno txikienei emateko orduan. Harrigarria iruditzen zait gaur egun oraindik zenbait kasutan tekno zuri-beltzeko fotokopien bidez erakustea, antzinako makina eta erreminta zaharren izenak buruz ikasteko helburuarekin.

Egia da robotika ikasgaia ere aukeran dutela ikasle askok –zoriontzekoa, benetan, Lego roboten txapelketan zenbait ikastetxe, irakasle eta ikasle egiten ari diren lan bikaina–, baina garrantzitsua iruditzen zait gazteek teknologiarekin ikasgai moduan duten lehen esperientziak ahalik eta erakargarrien, erabilgarrien eta interesgarrien egitea, oso garrantzitsua izan baitaiteke etorkizunean egin dezaketen aukeretan. Zenbait teknologiarekin lotutako profesionalen gabezia larria dugu enpresa askok gure inguruan. Behar-beharrezkoa dugu gazteak ikasketa teknikoetara erakartzea, eta, horretarako, tekno ikasgaia funtsezkoa izan daiteke, zentzu batean edo bestean, eta, beraz, jarrai dezagun hobetzen guztion laguntzarekin eta guztion onerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak