Argi dago Trumpek gizarte amerikarraren zati handi baten emozioekin konektatzea lortu duela. Herritar horiek Washington herritarrengandik gero eta urrunago dagoela sentitzen dute eta politikariak herritarren interesen esanetara egon beharrean lobbyen aginduetara daudela uste dute. Beldur dira zuzentasunaren diskurtsoan murgildurik betiko Amerika galduko ote ez den, eta mehatxu guztietatik –kanpokoak eta barrukoak– defendatu beharra dagoela uste dute, beraien familia, erlijioa, lana eta bizimodua zaintzeko.
Jadanik lau urte gobernuan egon arren, Trumpek bere mezuaren indarra mantentzea lortu du, neurri handi batean, eta bere eslogan eraldatzaile famatuak oihartzun zabala izaten jarraitzen du –Make America Great Again–. Inkestek Biden-i garaipen erraza ematen dioten arren –10 puntuko aldea ematen diote–, ez dut uste hauteskundeak erabakita daudenik, ezta gutxiago ere. 2016an ez zuten asmatu eta aurten ere argi ibili beharko dute, amerikarrek inoiz baino gehiago beraien emozioek gidatuta emango baitute botoa datorren azaroaren 3an, eta Trump oso trebea da emozioak pizten.