Sentimendu hauen arrazoiak asko izan daitezke – ustelkeria kasuak, krisiak sortutako etsipena, alderdikeriak, eta abar–, baina, zalantzarik gabe, haztegi bikainak dira mugimendu populistendako.
Arazoa orokorra da eta mendebaldeko demokrazia sistemaren krisiaren erakusgarria da.
Sistema ez da perfektua eta hobekuntza larrien beharra du: gardentasun eta parte-hartze maila handiagoak, zerrenda irekiagoak, justizia hobeagoa, burokrazia arinagoa… Azken urteetan, zenbait erakundek bide horri ekin diote, herritarren konfiantza berreskuratu nahian. Horien artean, kuriosoa iruditu zait Belgikako Komunitate Germanofonoan martxan jarri dutena: zozketa bidez ekimen desberdinak aurrera eramateko bi organo eratu dituzte; batak gaiak proposatuko ditu eta besteak landu egingo ditu, ondoren gobernuari proposatzeko. Argi dago komunitatearen tamainak eragina duela –75.000 biztanle–, baina baita irudimena erabili behar dugula ekimen eraginkorrak martxan jartzeko.
George Bernard Shaw idazle irlandarrak zioen bezala, "demokrazia merezi dugun baino hobeto gobernatuak izango ez garela garantizatzen duen sistema da", eta, beraz, merezimenduak egitera behartuak gaude.