Iraultza teknologiko baten atarian gaude, Industria 4.0, eta eragin sakonak izango ditu lan merkatuan. Adituek diotenez, lehen heziketa hasten duten ikasleen %65ek, bizitzan zehar, egun oraindik existitzen ez diren lanbideetan lan egingo dute. Lanbide eta lanpostu berriak sortuko dira, baina bereziki STEMarloetan (Science, Technology, Engineering and Maths), hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloetan. CEDEFOP Europako Batasuneko erakunde ofizialak dioenez, Europan STEM arloetako lanpostuek %14 egingo dute gora 2020an eta gainontzeko arloetakoek %3. STEM arloko demanda hain handia izango dela aurreikusten da, enpresa askok ezin izango dituzte profil honetako lanpostu guztiak bete. Gizarte industrializatu askotan nabarmena da ingeniari eta profil teknikoko profesionalen gabezia.
Gure inguruan zenbait enpresa ere antzeko tendentziak antzematen hasiak dira, eta, beraz, hurrengo urteetan arazorik ez izateko STEM profileko ikasle gehiago beharko dira. Ikasketak aukeratzea ez da inoiz lan erraza izan, norberaren bokazioa, kapazitatea eta lan egiteko aukerak uztartu beharra eskatzen duelako. Lehenengo bi gaiek norberaren eta egin beharreko ikasketen ezagupen ona eskatzen dute eta hirugarrenak, aldiz, lan merkatuaren eboluzioaren ikuspegi on bat izatea. Inork ez dauka etorkizuna igartzeko bola magikorik, baina badirudi adituei jaramon eginez gero, STEM arloetako ikasketek perspektiba profesional paregabeak eskainiko dituztela hurrengo urteetan.