Konspirazio teoria

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2014ko mar. 4a, 00:00

Azken urte hauetan agintari eta erakunde politikoen irudia dezente kaskartu da.

Horrela agertzen dute argitaratzen diren inkesta desberdinek edota sortutako herri mugimenduek (M-15eko "suminduak", adibidez). 

Baina zergatik? Argi dago behin eta berriz komunikabideetan azaltzen diren politikarien inguruko berriek eta krisi ekonomikoak berak hiritar askorengan injustizia eta amorru sentsazioa piztu dutela.

Politikariek diote kasu konkretu eta isolatuak direla, eta ezin daitekeela orokortu. Beste batzuek, aldiz, César Molinas idazleak, esate baterako (Qué hacer con España, Ediciones Destino, 2013), guztiz kontrako iritzia dute. 

Molinasen arabera, politikariek elite "erauzle" bat sortu dute: "Errenten harrapaketa sistema organizatu bat landu dute, inongo aberastasunik sortu gabe, herritar gehienen errentak eskuratzeko". 

Bere ustez, horretarako burbuila desberdinak sustatu dituzte bata bestearen ondoren (etxebizitzak, energia berriztagarriak eta azpiegiturak) eta beraien kontrolpean zeuden aurrezki kutxak ustiatu dituzte. 

Molinasena agian konspirazio teoria bat da, baina planifikatua edo ez uste dut horrelako zerbait eman dela zoritxarrez. Besteak beste, aurreko egunean egunkari batek enpresa elektrikoetako zuzendaritza postuetan "entxufatutako" 43 politikariren zerrenda argitaratu zuen (kobratzen duten soldata eta guzti). Ikusteko modukoa da politikatik pasa ondoren izan duten balio handitzea. 

Eta zer egin daiteke? Batzuek sistema berriro eraikitzeaz berba egiten dute, beste batzuek hauteskunde sistemaren aldaketarekin nahikoa izan daitekeela diote eta beste batzuek, ordea, irudi-aholkulari berriak kontratatu beharra daukatela, irudi estrategia eraginkorragoa martxan jartzeko eta "benetako irudia" herritarrengana iritsarazteko… 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak