"Déjà vu"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2013ko mai. 10a, 02:00

Krisiak aldaketa asko ekarri ditu hainbat arlotan...

... ez bakarrik pertsonengan eta ekonomian, baizik eta herrialde desberdinen irudian ere bai. Duela urte gutxi, Estatuak irudi indartsu eta berritzailea zuen munduan, "Espainia Marka". Kirolari bikainen herrialdea, energia berriztagarrien erreferentea, dirua erraz irabazteko lurraldea, etab. Europa guztian "Espainiar mirakuluaz" hitz egiten zen. 

Baina hori ez da beti horrela izan. 90eko hamarkada erdialdean, Estatuaren irudia guztiz desberdina zen. %24ko langabeziarekin herrialde azpigaratu bat bezala ikusten zuten askok. Horrela bizi izan nuen nik 1997an Frantziara ikastera joan nintzenean. Gogoratzen dut, adibidez, behin, gelakide batek errespetu handiz eta mirespen puntu batekin horrela esan zidala: "Ze gogorra izan behar duen zuendako hona etortzeak, familiatik urrun, hizkuntza arrotz batean eta bereziki arratsaldeetan gelara etorri beharra siestarik egin gabe…".

Duela aste batzuk, lanean nengoela déjà vu sentsazio arraro bat izan nuen, denboran atzera eraman ninduena. Multinazional alemaniar batetik deitu zidaten proiektu europar garrantzitsu batean parte hartzera gonbidatuz. Proiektuaren detaileak eman ondoren, beraien ustez proiekturako partner bikainak ginela esan zuten eta asko poztuko zirela proiektuan parte hartuko bagenu. Proiektuaren ezaugarriak eta garrantzia ikusirik eta gonbidatzen gintuen enpresaren prestigioa kontuan izanik, gutan pentsatze hutsa harro egoteko modukoa zen. Agurtu aurretik, alemanek zera esan zidaten: "Beste gauza bat eskatu nahi dizuegu: zuetaz gain, beste bi herrialde pobretako enpresen parte-hartzea behar dugu proiektuan, Espainiakoak bertakoak edo Portugal, Grezia edo Italiakoak izan daitezke. Lagundu ahal diguzue enpresa bi horiek aurkitzen?". 

Krisiak denboraren makinan sartu eta berriz ere 90eko hamarkadara eraman gaituela dirudi…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak