"Laugarren boterea"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2013ko urt. 3a, 01:00

Azaroko hauteskundeak Kataluniako historian leku berezi bat...

... izatera deituak ziren. Emaitzen ikuspuntutik ezin daiteke esan horrelakorik gertatu zenik (parte-hartze aparta izan ezik), baina kanpainan zehar bai gertatu zela aipatzea merezi duen gertakari garrantzitsu bat: El Mundo egunkariak Madrildik hauteskundeen emaitzetan eragiteko egin zuen ahalegina. Kazetari katalan baten hitzetan, "M-11 bat eragiten saiatu ziren", hildakorik gabe, hori bai, baina efektu berarekin: hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago herritarrengan inpaktu sakon bat sortzea beraien botoan eragin ahal izateko. Horretarako, ustezko txosten polizial bat filtratu zuten CiUko buruzagien iruzurrak agerian utziz (Suitzako kontuak). Ondoren demostratu da epailearen aurrean txosten hori faltsua dela eta ez zuela poliziak sortu, baina kanpainan zehar oihartzun handia izan zuen eta El Mundo-ren beraren inkesta baten arabera katalanen %60,7k sinetsi egin zuten notizia. 

Zenbateraino izan zuen eragina emaitzetan? Ezin daiteke jakin, eta adituak ere ez datoz bat (batzuen ustez, Mas-en erorketa boto intentzioan lehenagotik omen zetorren). Dena den, berriz ere agerian jarri da komunikabideek duten botere itzela, eta botere hori fede onez edo txarrez erabiltzea beraien eskuetan bakarrik dagoela. Erresuma Batuan, News of the World egunkariak esklusibak lortzeko bidezkoak ez ziren bitartekoak erabiltzen zituela jakin zenean, komisio judizial bat martxan jarri zuten (Leveson Inquiry). Komisio honek bere ondorioetan komunikabideak erregulatzeko lege bat ezartzea proposatu du, orain arte bezala beraien "borondatean" bakarrik oinarriturik egon ez daitezen. David Cameron Lehen Ministroak oraingoz ez du onartu proposamena, eta komunikabideei beraien burua erregulatzeko proposamen serio bat egiteko epe bat eman die. Ez dago argi nola amaituko den gai hau, baina ez litzateke harritzekoa izango gurera ere horrelako zerbait iristea epe laburrean...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak