... nola pasa da Katalunia horrenbesteko krispazio mailara eta modu hain masiboan Estatu berri bat aldarrikatzera? Oasiaren amaiera Aznarren azken urteetan hasi zen. 2003ko hauteskundeetara alderdi guztiak (PP izan ezik) Espainiarekin harreman mota berri bat lortzeko helburuarekin aurkeztu ziren. Estatut berria 2006an onartu bazen ere, gauzak ez ziren baretu: batetik, Espainiako zenbait sektoretatik aurkako erreakzio bizia sortu zen (produktu katalanei eta bereziki Cavari egindako boikota...); bestetik, 2005ean Parlamentetik adostasun maila itzelarekin irten zen Estatutak (Zapatero onartzera konprometitu zena…) murrizketa nabarmenak jasan zituen: lehenik, Masen eta Zapateroren paktu erdi sekretuaren ondorioz eta bigarrenik, 2010eko Epaitegi Konstituzionalaren sententziak eraginda; ondorioz, indarrean dagoen 2006ko Estatutak inor gutxiren nahiak asetzen ditu.
Azkenaldian, testuinguru ekonomikoaren okertzeak (langabezia altua, murrizketa latzak, Madrilgo inbertsio eskasak…) katalanen haserrea bizitu egin du. Komunikabide eta politikari katalan gehienek egoeraren errudun bera aurkitu dute, "Kataluniak Espainiarekin duen harreman ekonomiko bidegabekoa", eta haserrea modu garbian Madrilerantz bideratu da. Ondorioz, egoera "aldatzeko" bi bide planteatzen dira: "Paktu fiskala" lortzea (funtsean euskal erregimen fiskala) edo independentzia. Masek pultsu bat jaurti dio Madrili udazken honetan paktu fiskala lortzeko. Assemblea Nacional Catalanak, ordea, independentzia nahi du zuzenean. Biek Diadako manifestazioan indarrak neurtu dituzte, eta argi dago zeinek lortu duen herritarren babes masiboa, manifestazioa independentziaren aldeko oihu garbia izan baitzen. Hurrengo asteak klabeak izango dira, ez bakarrik Kataluniaren etorkizunerako, baizik eta Estatu osoarendako, bide bat edo bestea zabalduz gero eredu izan daitekeelako eta inongo biderik zabaltzen ez bada tenperaturak igotzen jarraituko duelako Katalunian.