"Euskadi Modeloa?"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2012ko uzt. 6a, 02:00

Aurre-kanpainan bete-betean gaude Euskal Autonomia Erkidegoan...

... eta alderdien estrategia elektoralak martxa onean dabiltza. Horien artean Patxi Lopezena da ziur aski mediatikoena. Apirilean Egigurenek publikoki aurreratu zuen PPrekin apurtu beharra zutela, hauteskundeetara iritsi aurretik bereiztea komeni baitzitzaien, bestela alderdi biek botoak galduko baitzituzten. Estrategia perfektua, haserretu diren itxurak egin eta, herritarrak inozoak garenez, denbora gutxian ahaztuko genuen beraien arteko hiru urteko ezkontza. Nahiz eta alderdi biek ezeztatu, hilabete besterik ez zen pasa, maiatzean Basagoitik gobernu akordioa apurtutzat eman zuen arte, Egigurenek argitaratu zuen gidoia jarraituz eta aurre-kanpainari hasiera emanez. 

Orduz gero, Patxi Lopez, PPtik urruntzen saiatzeaz gain, Madrilgo gobernuari oposizioa egiten hasi da murrizketen aurrean gobernatzeko beste modu bat aldarrikatuz. Propagandaren arabera (Irekia webgunea), "duela hiru urtetik hona", bere gobernua (PPren laguntzarekin), sozialdemokraziaren printzipioetan oinarrituta, "Euskadi Modeloa" deritzona eraikitzen ari da eta ondorioz Euskadi "krisiaren aurrean hobeto eusten ari den Europa hegoaldeko komunitateetako bat bihurtu da". Funtsean, modelo hori giza gastuak ez murriztean datza, horretarako zorpetzea handituz eta gastu ez prioritarioak murriztuz.

Krisiari inguruak baino hobeto eusten ari garela nahiko garbi dago, baina hori azaltzeko hiru urte baino askoz atzerago joan beharra daukagu, eta gobernu baten meritua beharrean, hamarkada askotako eta pertsona askoren lanaren ondorioa dela esango nuke. "Euskadi Modeloa" zerbaiti deitzekotan, gure ekonomia ereduari deituko nioke nik, bertakoa den industria esportatzaile eta sendoan oinarritua eta I+Gn inbertitzen ohitua dagoena. Gure kooperatiba asko horren erakusgarri bikainak dira. Estatuan, aspaldidanik ari dira eredu ekonomikoa aldatzearen garrantziaz berba egiten. Zapaterok berak 2009an onartu zuenez, 2004tik Madrilgo gobernua eredu ekonomikoa aldatzen saiatu zen buru-belarri, eta guztiok dakigu ze emaitzarekin. Agian Patxiri laguntza eskatu izan balio...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak