... eta itsasontziak kalte dezente zituela, baina ez zuen ematen kalteak hain larriak zirenik. Egia da kontsumoaren erorketa itzelak eta kredituen eskasiak enpresa asko egoera larrira eraman zituela, eta honekin batera langabezia maila ikaragarrietara bultzatu. Baina bazirudien suntsi zitekeen lan guztia suntsitua zegoela jadanik, eta poliki-poliki, kanpoko herrialdeen hazkundeak bultzaturik egoera hobetzen zihoala.
Azken asteetan, ordea, uraren maila itsasontziko sotoan modu kezkagarrian igotzen ari da, itsasontziaren kalteak biziki larriak direla nabarmenduz. Antton Perez de Calleja ekonomialari ospetsuak egoera bere gordintasun osoan azaldu du bere 2012-ko lehen hiruhilabeteko txosten ekonomikoan. Dioskunez, estatuko sistema finantzariaren egoera kritikoa da: bankaren bi herenak porrot egoera teknikoan daude eta erreskatatuak edo xurgatuak izan beharko dute. Callejak, gainera, hamarkada galdu bat iragartzen du espainiar ekonomiarendako (2005-2015). Ez da bakarra. Gaur egun gero eta ekonomialari gehiagok diote estatuko zorra (pribatua eta publikoa) jasanezina dela (BPGren laukoitza) eta ordaintzeko gai izango ez garela. Ondorioz, erreskate batetik oso gertu gaudela dirudi, eta beste herrialdeetan ikusitakoaren arabera, sakrifizio handiko urteak izan daitezke hurrengoak.
Itsasontziak Titanicek baino zorte handiagoa izango du, ez diote hondoratzen utziko, eta, beharrezkoa bada, erreskaterako behar diren baliabide guztiak mugituko dira. Baina bidaiarien patua ez dago hain garbi. Perspektibak ez dira batere onak, batez ere bidaiari gazteenendako, Gobernuak berak onartu baitu bere agintaldia amaitzen duenean 2015ean, 2011n sartu zenean baino langabe gehiago utziko dituela. Horrela gauzak, komenigarria izango litzateke kapitainak bidaiariendako ere erreskate plan batean pentsatzen hastea...