... Arbel Gasa izeneko gas mota "berri" baten sukarra mundu guztira zabaldu da azken boladan (Txina, Polonia, Errumania, etab.), arazo energetikoak arinduko dituen energi iturri berria (eta negozio borobila) izango delakoan. Gurera ere duela hilabete gutxi iritsi zen. Gogoratuko duzue Patxi Lopezek Texasetik jakinarazi zuela gas meatoki garrantzitsu bat aurkitu dela Araban, Erkidegoaren beharrak 60 urtez asetzeko gai izango litzatekeena. Azaldu zuen gas hori ezohizkoa dela, arbel gas motakoa, eta poltsa handi batean egon beharrean, poltsa txiki anitzetan eta haitzaren barnean gordea dagoela. Berrietan esaten zenez, duela urte batzuetatik ezagutzen zen gas poltsa horien existentzia Araban, eta, orain arte bere ustiapena bideragarria ez bazen ere, teknologia berri baten garapenak, Haustura Hidraulikoa (Fracking) izenekoak, egoera guztiz aldatu du.
Istorioa ez zatartzearren edo, ez zuen kontatu, ordea, beste zenbait datu interesgarri. Garrantzitsuena, ustiaketa prozesuak ingurumenean arazo larriak sortzen dituela (ur kutsatua, metano emisioak, lurrikarak...), eta, ondorioz, herrialde batzuek jadanik debekatu egin dutela (Frantziak eta Bulgariak, adibidez) eta beste batzuek moratoria bat jarri diotela (AEBetako zenbait estatuk barne). Baina ez da hori bakarrik, askok uste dute energia honetan jarritako itxaropenak neurriz kanpokoak direla, eta burbuila ekonomiko bat puztu dela bere inguruan. Eta badaude hori pentsatzeko arrazoiak: AEBetako Energia Departamentuak, argitaratu berri duen urteko txostenean, arbel gasaren ustezko erreserba nazionala %40 jaitsi du aurreko urteko estimazioarekiko, eta, bestalde, 2011n New York Times-ek argitaratu zituen barne dokumentuen arabera, AEBetako gas industriatik bertatik, pribatuan modu kritikoan ikusten omen dituzte arbel gasaren zabaltze planak.
Kontuak kontu, gurean, esplorazio lanak aurten hasiko dira 100 milioi euroko aurrekontuarekin. Badugu beste polemika bat hurrengo hilabeteetarako, zaborren kontua konpontzen dugunerako.