"Teknologia inperfektuak"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2012ko ots. 17a, 01:00

Teknologian murgildutako gizarte honetan...

... askotan ahaztu egiten dugu gizakiok egindako edozein tramankulu definizioz inperfektua dela, eta, beraz, huts egin dezakeela. Teknologia desberdinen arteko diferentzia nagusia huts egiteko probabilitateetan datza, eta, bereziki, horien ondorioen larritasunean.

Bada teknologia bat beste guztien artean nabarmentzen dena bere akatsen emaitza larriengatik: energia nuklearra. Izan ere, nuklearra da giza adimenaren eskalan mugagabeak izatera irits daitezkeen ondorioak sor ditzakeen teknologia bakarra, bai denboran eta bai espazioan ere (lur eremu itzelak kutsa daitezke mendeetarako). Tamalez (edo zorionez), hutsegite bakoitzak gauza berriak erakusten dizkigu, pentsaezina pentsatzera behartuz eta beti arriskua uste duguna baino handiagoa dela erakutsiz.

Teknologiak berak dituen gabeziez gain, arriskua naturatik bertatik eta gizakion eskuetatik ere badator. Izatez, inguruak kalte larriak eragin ditzake, eta, adibidez, estatuko zentral nuklearrek estres test berriak gainditu badituzte ere, hobekuntzak egin beharko dituzte katastrofeen aurrean egokiago erantzuteko. Gizakion efektuaren arriskua ere ezin da gutxietsi, nahigabe (arduragabekeria) edo nahita (sabotajea) eragindako okerrengatik. Lehenengoaren adibide larriak izan dira jada eta bigarrengoarenak zorionez ez badira gertatu ere, estatuko inteligentzia zerbitzuek zenbaitzuetan ohartarazi dute (azkena 2011n) estatuko zentral nuklearrek erasoen aurrean dituzten ahultasun nabariak.

Beraz, huts egiteko arriskua existitzen dela onartuz (txikia edo handia berdin dio), eta ondorioak zenbaterainoko larriak izan daitezkeen konprobatu ondoren, nola jarrai dezakegu gizakion eskalatik kanpo dagoen teknologia honekin jolasten? Alemaniarrak erakusten ari dira beste bide bat posible dela eta badirela alternatibak. Laster edo geroago, gu ere bide beretik joango gara, ez daukat zalantzarik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak