"Beldurraren ekonomia?"

Erabiltzailearen aurpegia Jon Etxeberria 2011ko abe. 16a, 01:00

Konturatuko zineten azkenaldi honetan krisiaren...

... inguruko diskurtso ofizialak zeharo aldatu direla eta alde guztietatik egoerari buruzko larritasuna azpimarratzen digutela. Krisi hasieran, egoerari garrantzia kentzen saiatu ziren agintari nagusiak (asko jota desazelerazio bat izango da, guri ez digu hainbeste eragingo…), alde batetik herritarrak lasaitzeko eta beldurra ez zabaltzeko (hori omen baitzen ekonomiaren etsairik nagusiena) eta beste aldetik beraien lan kaxkarraren ondorioa zenik pentsa ez genezan.

Ondoren, krisia sakontzen joan zen neurrian, eta ukaezina bihurtu zenean, egoera onartzen hasi ziren, baina kanpotik etorria zela azpimarratuz eta bere amaiera antzematen hasiak ginela esanez (lehen "hosto berdeak" agertzen hasi dira, azkenak sartu eta lehenak irtengo gara…), berriz ere estrategia bera jarraituz, biztanleria lasaituz krisia ez areagotzeko eta egoeraren larritasunean beraiek izan zezaketen ardurak gutxitzeko.

Udatik hona fase berri baten sartu garela esan daiteke, merkatuen presioak eta hauteskundeen amaierak diskurtsoak transformatu baititu. Horrela, mezu positiboak desagertu egin dira eta negatiboak ugaritu azken aste hauetan: 2012. urtea "oso zaila", "benetan kritikoa", "erabat zaila" edo "ikaragarri zaila" izango dela iragarri dute azken boladan Eusko Jaurlaritzak (Mendia), Estatuko gobernu berria osatuko duten agintariek (Montoro) eta patronalek (CEOE, CONFEBASK eta ADEGI). Herritarrak lasaitu beharrean, izutu egiten dituzte horrelako hitzek, eta, bide batez, hartuko diren neurri zorrotzetarako prestatu. Baina ez al zen beldurra txarra ekonomiarentzat?

Joaquin Estefaniak bere liburu berrian azaltzen duen bezala (Beldurraren ekonomia, 2011), gure poltsikotarako bai, baina ez merkatuendako, beldurrak beraien boterea handitzen baitu. Eta badakizue, orain lehentasuna merkatuak baretzea omen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak