Horrelako aurreikuspenak egitea (eta bereziki asmatzea) oso zaila da. Fisikako Nobel saridun Bohr-ek esan zuen bezala, "Aurreikustea oso zaila da, bereziki etorkizunean gertatuko dena asmatu nahi izanez gero". Baina gaur egun iragarpena unibertsitateetan lantzen den diziplina zientifiko bihurtu da. Iraganean izandako eboluzio eta jardueretan oinarrituz, ikerlariek eredu konplexuak garatzen dituzte, hipotesi desberdinetan oinarrituz, etorkizunean gertatuko dena asmatzen saiatzeko.
Horrelako ikerketa bat egin du L. C. Smithek, Kaliforniako UCLA unibertsitateko katedradunak, argitaratu berri duen liburuan: Mundua 2050ean. Bere ustez, lau dira munduaren eraldaketan garrantzi handien izango duten indar globalak: demografia (hazkunde ikaragarria herrialde pobreetan), kontsumorako errekurtsoen eskuragarritasuna (energia, elikadura eta uraren eskaeraren eta eskaintzaren arteko tentsioak), globalizazio ekonomikoa (munduko botere ekonomikoa gero eta esku gutxiagotan kontzentratua) eta aldaketa klimatikoa (lurraren berotzearen ondorioak). Ez du espero gaurko gure arazoak erabat konponduko dituen aldaketa teknologiko erradikalik ez energian ez eta medikuntzan, ez eta 3. mundu gerrarik, edo ezohizko gertakari lazgarririk (izurrite larriak edota meteorito erraldoi baten erorketa, adibidez). Bere ondorioek mundua bi zatitan marrazten dute: iparraldeko gaur egungo herrialde hotzak (artikotik gertuen daudenak) aberatsagoak izango dira, boteretsuagoak eta politikoki egonkorragoak; eta ekuatoretik gertuen daudenek, aldiz, ur eskasia jasango dute, biztanleria zaharkituak izango dituzte eta hiri gainpopulatuetan biziko dira.
Tamalez, Smithek irudi gris honetan ez digu argitzen ea Athleticek ligaren bat irabaziko duen edo lehendakari beltzen bat izango dugun Euskal Herrian denbora tarte honetan. Hobe horrela, emozio handiagoa izango dute ligak eta hauteskundeek.