Herrialde aurreratuek XX. mendean jasandako hazkunde ekonomiko ikusgarria eta gaur egungo oparotasuna, neurri handi batean, energia merke honek ahalbidetu ditu. Ohitu egin gara energia merkera, leku guztietara autoz joanez (askotan bakarrik, gainera), aire girotua denda, taberna eta auto guztietan ezinbestekoa bihurtuz, hegazkinez egindako bidaiak ugarituz edo munduko beste puntatik ekarritako produktuak kontsumituz (Marokoko lekak, Zeelanda Berriko kiwiak, Namibiako legatzak, etab.).
Jakina, hau ez da beti horrela izan, aurretik energia eskuratzea askoz ere zailagoa zen (animalien indarra, koipea, argizaria, ikatza, satsa, ura, haizea edo eguzkia erabiliz), eta badirudi etorkizunean ere ez dela horrela izango. Duela hilabete eskas, Nazioarteko Energia Agentziaren zuzendariak, Nobuo Tanaka japoniarrak, energia merkearen garaia amaitu dela aditzera eman zuen. Hurrengo 25 urteetan, gaur egungo petrolio ustiaketen %75 itxi egingo dira eta eskaria asetzeko ustiaketa berriak aurkitu eta martxan jarri beharko lirateke, eta eragin nabarmena izango luke energiaren prezioan.
Energiaren garestitzeak, ondorio moduan, produktu guztietan eragina izango luke eta, horren ondorioz, gizartearen oparotasunean eta gu guztion bizitza mailan. Horren aurrean, zer egin daiteke? Tanaka jaunak ondo ezagunak diren hiru neurri nagusi proposatzen zituen garestitzea mantsotzeko: energi berriztagarrien areagotzea, energi kontsumoaren efizientzia handitzea eta ibilgailu aurreratuen garapena. Edozein kasutan, argi dagoena zera da: hurrengo urteetan energia eta garraio sektoreek aldaketa sakonak jasango dituzte, eta baita, ziurrenik, gure bizimoduek ere, gure gaur egungo bizitza maila, nahiz eta konturatu ez, energia merkean oinarritzen baita.