1982ko neguan, abesbatzan Aita Madinaren Arantzazu entseatzen ari ginen, Udalaren laguntzaz disko bat grabatu behar genuelako, Juan Karlosen zuzendaritzapean, eta Bartzelonan, Orquesta Ciutat de Barcelonarekin. Imanol Muruak zuen abesbatzaren ardura. Oñati Abesbatzak eta Oñatiko eta Elgoibarko parrokietako kideek gertatu genuen lana. Bakarkako lanak, Loli Ordokik, Imanol Muruak eta Elgoibarko Angelo Iriondok. Apirilean abiatu ginen Bartzelonara. Ordurako, Juan Karlosek orkestra harekin hitzartu eta grabatua zuen lan osoa; kantariok atzetik grabatu behar genituen ahotsak. Gero, grabaketa-etxeko teknikariak Juan Karlosekin nahasketak egin, eta dena gertu utzi zuten. Imanol arduratu zen diskoaren testuarekin. Ekainaren 1ean Oñatiko Unibertsitatean aurkeztu genuen. Mahaian, Eli Galdos, Arana Martija, Iñaki Zumalde, Imanol Murua eta Juan Karlos Irizar.
Hau dena gogoan genuela pentsatu genuen: ze adore zeukan mutil hark! Bartzelonara joan, orkestra kontratatu, particella-k banatu, entseguak egin eta grabatu, eta, ondoren, abesbatzak eraman, orkestraren gainean ahotsak ipini eta diskoa duina argitaratu.
Juan Karlosek zuzenduta egin genuen lana eta ateratako produktua oso duina izan zen.
Gero, Donosti romántico etorri zen. Jesus Marik lagundu zion baxuarekin eta Xabierrek gitarra klasikoarekin diskoa grabatzen. Handik aurrera, Juan Karlosek bide hau aukeratu zuen bizitzeko. Musika erromantikoa, melodia gozokoa. Hortxe sentitzen zen gustura, eta 30 disko baino gehiago egin zituen. Baita umeendako egindako musikak, partiturak, bandak eta abesbatzak zuzentzen emandako urteak, eta Aita Mennin eta Oñatiko Erresidentzian musika terapia moduan erakusten emandako urteak.
Lagunak egiten zekien, eskuzabala zen, sinpatikoa, dena ematen zuena. Berarekin bizitako garaiak gomutan esan genuen: agur, Juan Karlos. Bidaia on, eta egun handira arte!
----------
Loli Ordoki, Xabier Ugarte eta Jesus Mari Aramburu
Oñati