Esan ezetz!

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Kalboetxeaga 2021ko abe. 17a, 08:11

Erich Fromm filosofoak dio pertsona bat aske izatera hel daitekeela ekintza desobedienteen bidez, botereari ezetz esaten ikasiz, eta, era berean, adierazten du askatasunaren beldur bagara, ez dugula desobedienteak izateko adorerik izango: "Askatasuna eta desobedientzia banaezinak dira".
Intsumisioa Bergaran: desobedientziarako bide bat erakusketa eta dokumentala egitean, hain zuzen ere, lortu nahi izan dugun helburuetako bat horixe bera izan da: urte haiek ezagutu zituztenei eta baita derrigorrezko soldaduska ezagutu ez zuten belaunaldi berriei ere gogoratzea gazte askok armada ahalguztidunari ezetz esateko ausardia izan zutela, aske sentitu nahirik, ingurune sozial eta politiko itogarri batean. Txoriak izan ginen, eta, hegoak ebakitzen saiatu baziren ere, txori izaten jarraitu genuen, hegoak ebaki barik.

Gure balorazioa, lanak amaituta eta hausnarketa lasai baten ondoren, oso ona da. Beharbada, gure mezua ez da iritsi guk nahi bezain urruti, baina gora egin du hegan. 1.100 pertsona inguru joan dira erakusketa ikustera eta dokumentalaren bi emanaldietan, Gaztetxean eta Seminarixoan, aretoak bete egin dira. Eskerrik asko ekitaldi horietako edozeinetara hurbildu zaretenoi. Erakusketa edota dokumentala ikusi duten gehienek adierazi digute egindako lana ona izan dela eta egindako bidearekin bat datozela. Egindako lan hauek aitzakia izan dira garai hartan hartu genuen desobedientzia bideagatik guri esker oneko hitzak eskaintzeko; jende asko izan da-eta guregana hurbildu eta gure bideari esker gaur egun ez dela derrigorrezko soldaduska gogorarazi diguna. Horrek guztiak harrotu egiten gaitu, eta, egia esan, gu harro gaude egindako lanaz, eta jasotako esker berba horiek guztiek ondo baino hobeto berdintzen dute egindako lana.

Zeregin horiek guztiak egiteko, bildu, eztabaidatu, aztertu, hausnartu eta erabaki egiten dugu. Edozein gizataldetan bezala, gurean ere: zenbat buru, hainbat aburu. Urteak igaro badira ere, hori ez da aldatu. Bidean eztabaida izan da, nor bere pentsamoldetik, baina talde bat osatuta, non bakoitzak ahal izan duen neurrian egin duen lan. Inolako zalantza barik, zeregin emankorra eta atsegina izan da. Gainera, aspaldiko zereginetan bezala, uste dugu emaitza ona lortu dugula, eta orain bai, artxiboetan gordeta geldituko dira betiko garai hartako hainbat testigantza eta dokumentu.

Lan hori guztia BOTAko kide izan ginen intsumiso batzuek egin dugu. Ez gara guztiok egon, denboraren inertziak berak edo egin beharreko lanek ez digute aukerarik eman denok parte hartzeko, baina garai hartan izan zirenekin eta orain egon ezin izan direnekin akordatu nahi dugu eta baita 90eko hamarkadan intsumisioaren bidetik desobedientziara hurbildu ziren guztiekin ere.

Azkenik, eskerrak emateko garaia heldu zaigu. Lehenik eta behin, Bergarako Udalari eman nahi dizkiogu, bereziki Gorka Artolari eta Kristina Markinari, proiektu hau aurrera eramateko une guztietan behar izan ditugun bitartekoak eskura jarri dizkigutelako. Seminarixoko langileei, egoera zaildu zenean dokumentala ikusteko formatu bateraezintasun batengatik, ordu asko eman zituztelako guri laguntzen. Udal artxiboari eta Goienari, irudiak emateagatik. Edu Mendibili, dokumentaleko protagonistei egin beharreko galdera-sortak prestatzen laguntzeagatik. Eta, bereziki, Andoni Larrañagari: guk Andoni non behar, hura han: dokumentalean, elkarrizketatzaile; gaztetxean egin ditugun ekitaldi guztietan antolatzaile –filmaren grabazioan, bertan egindako proiekzioan, desobedientziaren inguruko eztabaidan…–.

Hor uzten dugu gure ondarea, denon eskura! Osasuna eta askatasuna! Tira harixai!

----------

Jesus Kalboetxeaga

Bergarako Objetore Talde Antimilitarista

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak