Kaskoarekin bueltaka

Erabiltzailearen aurpegia Judith Eraña 2016ko aza. 25a, 00:00

Ez naiz kirolzale amorratua, lehiatzen duen horietakoa, ez eta azkenaldian hain modan jarri diren extrem probak egiten dituenetakoa; izan ere, nire burua ez dut horretarako gai ikusten.

Alabaina, esan beharra daukat, bategatik edo besteagatik, nire buruarekiko gustura sentitzea gustatzen zaidala, eta, hargatik, ahalegintxo bat edo beste egiten dudala. Ez larregi, egia esan… Eskerrak nire jendartea horretara emandakoa dela; familia, lagunak eta lan-giroa. 

Lana aipatzen dudala aprobetxatuz eta kontatzeko dudan gertaera batera hurbilduz… lanera bizikletaz nindoan egun euritsua zen, paisaiaz eta lasaitasunaz gozatuz bat, Aretxabaletatik Arrasaterako bidean, bidegorritik. Bat-batean, maldan behera, ohartu gabe, aurrez aurre korrikalari talde batekin topo egin eta nire bizikletarekin korrikalarien artetik pasatzeko zirrikiturik ezin topatu nengoela, korrikalari batekin talka egin eta txilinbueltaka burua eta bizkarra lurraz jo arte. Hori astindua hartu nuena! Hori burukomina hori! Begiak zabaldu eta korrikalariak, anbulantzia, denak nire inguruan zeuden, nire erantzunaren zain. 

Kristoren kaskatekoa, kolpeak eta zauriak non-nahi, baina burua libre! Hori bai, kaskoa bost zatitan leher eginda. Hau da hau! Zer gertatuko zen kaskorik eraman izan ez banu? Batek jakin! Hobe horretan ez pentsatzea… Sarritan ez diogu kontuari duen beste garrantzirik ematen, uste dugulako norberari ez zaiola inoiz ezer gertatuko, baina gertatu, gertatzen dira. Horren lekuko, ni neu. 

Ni ez nindoan Frantziako Tourra jokatzen, ez eta kirol proba bat egiten ere, lasai asko bidegorritik lanera bidean baizik. Baina ustekabean, bizikletako kaskoa eramateak egoera larri bat jasatetik libre utzi ninduen. Honekin esan nahi dudana da istripuak agudo eta konturatu orduko pasatzen direla eta haiek eragindako ondorioetatik errekuperatzea motela dela, eta, kasu batzuetan, zaila. 

Zutabe honekin, nire esperientzia norbaiti baliagarri izatea espero dut, inoiz ez baitakigu zer gertatuko zaigun, eta, behintzat, gure esku dagoen apurra egiten badugu, lagungarri izango zaigula, ziur.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak