Umeen oporraldia eta gurasoen lanaldia

Erabiltzailearen aurpegia Judith Eraña 2015ko eka. 19a, 00:00

Pozik dabiltza ume eta gaztetxoak kaleetan barrena. Ikasturteko azken txanpan gaude eta oporrak arnasten dituzte txikienek.

Opor giroa sumatzen da, denok kalean gustura, gurasoak oporrez berbetan eta txikienek ziba eskuetan dutela, ea nork egin akrobazia handiagoa. 

Baina honek badu beste alderdi bat, hain goxoa ez dena, etxeko batzuek pairatzen dutena. Izan ere, umeen poztasun horrek badu ondorioa gurasoon azalean. Ez da ez lan makala guri egokitu zaiguna. Ikasturte bukaerarekin bat, estresa sumatzen da etxean! Ikastetxeko jaialdiak, azken festak, emanaldiak, agurrak, egunero zerbait ospatzeko aitzakia! Guztietara joan behar! Hau zoramena! Umeen ilusioa gurasoon urduritasunaz gurutzatzen da. Gainera, lanean dihardugun bitartean. Urte osoan lana eta familia uztartzea zaila bada, zer esanik ez momentu hauetan. Logika eta logistika guztia mahai gainean jartzea tokatzen zaigu. 

Eta hori gutxi balitz, gurasook lanean gauden bitartean, umeen oporraldian haiekin zer egin? Udalekuak, kirol jarduerak, ingelesa, igerilekua, tailerrak, aitona-amonak… umeak nonbaiten utzi behar! Laguna han apuntatu dela, bestea hemen, ordutegiak eta ekintzak egokitu behar... etxean badu eragina. Antolaketa ez da makala gero! Mila buruhauste eta hamaika ardura! Hara eta hona gabiltza zoroak bezala, zuk jaso, nik eraman, beste hark utzi. Ganoraz inora iristen ez garen sentsazioak hartzen gaitu: lanera berandu iritsi eta lanetik goizegi atera, umeak egoera berri honetara egokitu beharra, ezin guztiari eutsi. Ez du denerako denborarik ematen; ez niri, behintzat! Superwoman-era hurbiltzen gara, baina ziur hark ere momentu nekezak izaten dituela. Eskerrak aldika-aldika guretzat tartetxo bat hartzen dugun; ostantzean, geureak egin du!

Are gehiago, emakumea izanda. Izan ere, jakin badakizue ama guztiok dugula seme-alabekiko sen berezia; aitak gutxietsi gabe, noski. Baina beno, hori hurrengo baterako utzi dut...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak