Txikitatik arnastu dut bizikleta mundua; aita bizikletazale amorratua eta geroago, mutila ziklista (badakizue maitasun kontuetan bihotzak agintzen duela!). Bizikleta beti egon da nire bizitzan. Emozio eta zirrara handiko bizipenak eskaini dizkit bizikletak, gozoak batzuk, gazi-gozoak besteak.
Gertutik bizi dut bizikletarako afizioa, eta ikusi, entzun eta bizi izan ditudan esperientziek lerro hauek idaztera eraman naute. Penatuta eta sentikor sentitzen naiz, gauza hain politak eskaintzen dituen gailu honek bizi duen momentu latzagatik.
Lanera joateko, aisialdirako, denontzako eta denetarako aukera ematen du bizikletak. Are gehiago, gure bailaran, betidanik izan dugu afizioa eta debozioa. Baina azkenaldian bizikletaren alde krudelak alde polita gainditu duela uste dut: dopina, sarien baliogabetzea eta, gertuago, istripu larriak, batzuen errespetu eza eta, ondorioz, errepidera ateratzeko beldurra.
Baditut bizikleta afizioz duten lagunak eta bizikleta erosi eta kirol honetan trebatu direnak. Bizikletaz inguru ezberdinak ezagutzeko parada izan dute, sentsazio berriak bizi eta lagun berriak ezagutu. Tamalez, gogotsu hasitako asko bizikleta ixegi beharrean izan dira. Alde positiboa, alaia ezagutu dute, baina alde beltzak irabazi dio partida erabakia hartzeko momentuan. Bizikleta alde batera utzi dute, errepidean dagoen arriskuagatik. Finean, errepidean galtzeko gehien duena bizikleta gainean doana da, bai bera, bai inguruko lagunak eta familia. Denok ahalegina eta zentzua jartzen badugu, jendeak bizikleta ez uztea eta lanera bizikletaz joaten direnak gehiago izatea lortuko dugu. Ekin dezaiogun bideari eta ez dezagun utzi hainbeste emozio sorrarazten duen afizio hau gainbeheran erortzen.
Beraz, izan ditzagun begiak errepidean eta ez norabaiterako bidean!