Zenbat egonaldi, berriketa eta afaritxo euren eta gure etxeetan!
Oñatin kokatu ziren urte luzeetan ez ezik, ondorengo hamarkadetan ere eutsi diogu gure arteko adiskidetasunari. Gure familiako beste hainbatek ere eduki zuten Huxley/Barkham-darrekin eta beren senideekin harreman estua: adibidez, Arantzazu eta Garbiñe gure ilobek, ingelesa praktikatu alde, udatan Chichester-era umezain joan zirenean. Orainago, berriz, beste iloba baten alaba, Irati Garai, Oñatiko Udalak sortu duen Selma Huxley Barkham izeneko bekaren lehenengo irabazlea izan da Jone Arrazolarekin batera.
Gure solasaldi ugarien bitartez jakin genuen Selma eta bere seme-alaben lanen eta gorabeheren berri. Hurretik azaldu zizkigun ikerlari britainiar-kanadar honek Oñatiko unibertsitate zaharreko protokoloen artxiboan eta beste toki batzuetan, pazientzia handiz, deskubritu zituen altxorrak: batez ere, Ternua eta Labrador aldeko ur-lurretan euskal arrantzaleek XVI-XVII. mendeetan balearen arrantzan izandako neke, pena eta pozei buruzko albiste baliotsuak.
Selmak artxibo-lan horietan eskuratu zituen informazio zehatzei eskerrak, lortu ziren gerora emaitza eta aurkikuntza oso garrantzitsuak: esaterako, 1565ean Kanadan hondoratutako San Juan itsasontziaren hondakinak atera ahal izan ziren 1978an Red Bay-ko uretatik; ezaguna denez, azken urteotan Pasaiako Albaola faktorian barku horren erreplika bat egiten dihardute; Unesco erakundeak 2013an bere Mundu Ondarearen zerrendan sartu zuen Red Bay-ko eremu arkeologikoa. Eta gu izugarri poztu ginen, Selmak samurtutako pistei jarraituz, Baionako Euskal Museoan 53 ahapalditan eta lapurtera klasikoan idatzitako Ternuari buruzko poema zoragarria topatu genuenean.
Mila esker, Selma, zure adiskidetasunagatik eta zurekin ikasi dugun guztiagatik.
Eta, Tom zena gogoan dugula, besarkada estu bat Oriana, Mikel eta Serenari.
------------
Jerardo Elortza
Letamendi, Garai eta Arregitarren izenean
Oñati