Bertan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatu zen adierazpen askatasuna azaldu ziguten. Ezaguna, ezta? 1948. urtean ezarri zen. Orduz geroztik, herrialde askotako konstituzioak jasotzen duen oinarrizko eskubidea da. Azken egunotan bolo-bolo dabilen terminoa dudarik gabe.
Mugatua izan zen eskubide hori; zentsura azaldu zen. Egun, teorian, gurean ez dago horrelakorik. Hala ere, antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke. Frantzian gertatutakoak zuzenean eragin digu kazetari guztioi, baita herritar guztioi ere. Beldurra zabaldu da-eta. Bizi garen XXI. mende honetan, Europako herrialde batean, hedabide bat armen bidez bortizki izan da isildua...
Tamalez, ez dugu ondoko herrialdera joan behar, gurean ere horrelako gauzak gertatzen dira. Hedabide batean, ekitaldi baten berri emateagatik kartzela zigorra ezartzea adibidez. Hori al da adierazpen askatasuna? Ez genuen ba oinarrizko eskubide horietako bat bezala onartu?
Non daude kazetarien edo herritarren eskubideak? Zer argitara daiteke gaur egun? Non dago muga?... Mila galdera daude, baina erantzunik ez. Edo... agian bai, baina prest al gaude 'inposatzen' diguten hori egiteko? Ez al dira, bada, gure egiak haienak bezain garrantzitsuak?