Kontaezinak bilerak, telefono deiak, whatsapp-ak, prentsa oharrak, PDFak edota rider-ak; tamalez, musika munduan ere nabarmena da termino anglosaxoien nagusitasuna. Eta izan dira ezustekoak, azken orduko kezkak eta akatsak. Beti dagoelako zer hobetu. Baina, harrotu barik, betiere, harro diot Danbakaren bosgarren edizioak oso zapore ona utzi digula antolatzaileoi.
Lehiaketa izan da, baina, lehiak baino gehiago, taldeen arteko leialtasunak irabazi du, elkar babesteko eta elkarri laguntzeko grinak. Leiho berriak irekitzeko ekimena izan delako bosgarren hau ere. Bagenekien baldintzak bazirela 2004an sortu zen ekimen eder honi berriz ere heltzeko, itzulera edo revival-ak bogan dauden garaiotan, baina itzulera soila baino askoz gehiago izan da; izan ere, inor gutxik espero zuen Debagoienean halako aniztasuna eta maila handia egongo zenik.
"Harrotu barik, harro diot zapore oso ona utzi duela; eskerrik asko, eta gora Danbaka!"
Seminarixora joan denak beste edozein jaialditan nekez ikus daitezkeen proposamenez gozatu du ordu erdian; bada plan hoberik? Bejondeiela hiru sarituei. Gainerako 17ak ere bazarete irabazle, eta izena eman eta parte hartzerik izan ez zenutenak ere Danbaka zarete. Hortik aurrera, eskerrik beroenak ematea besterik ez zait geratzen Danbaka posible egin duzuen guztioi, bihotzez.
Eta musikari horri, bereziki hasiberriari: ez egiozu sekula sortzeari utzi! Gora Danbaka!