Udal Gobernuak FCCrekin zuen kontratua hautsi zuen, enpresa honek kontratuan jasotakoa ez zuela betetzen argudiatuta:
1. Lan tresnak hondatzen direnean ez dituztelako berehala konpontzen.
2. Bajak, jaiegunak eta oporrak ez direlako ondo kubritu izan; egun askotan 4 edo 5 langile egon direlako soilik lanean, kontratuak 7 langilek egon behar dutela dioenean.
3. Lan antolakuntza penagarria delako.
LAB sindikatuak beti defendatu izan du Udalak zuzenean kudeatu beharko lukeela zerbitzua.
Gaur egun, FCCn 10 langile daude Oñatin lanean, hauetako zazpik egun osoko kontratuarekin lan egiten dute astean zehar eta beste hirurak, ordea, aste bukaeran eta oso baldintza prekarioetan daude lanean.
1. Astean 14 orduko lanaldi partzialez egiten dute lan.
2. Euren nomina hobetzeko, aste barruan zehar izaten diren bajak eta oporrak kubritzen dituzte eta, gainera, egun hauek kobratzeko arazoak edukitzen dituzte.
3. Lan karga astunegia dute.
FCCn bi langile mota daude: batzuk egun osoko lanarekin eta soldatarekin eta beste batzuk lanaldi partzialekin.
Udalak dio 10 lanpostu publiko aterako dituela, eta denak jardun osoan. Honek gaur egungo lan baldintzak hobetu beharko lituzke orokorrean eta zerbitzua bera ere hobetzea ekarri beharko luke.
Gure kezka nagusietako bat da FCCko langileak nola geratuko diren. Argi dago Udalak ezin dituela plantilan zuzenean sartu. Legez ezinezkoa izatea ez ezik, zuzena ere ez litzateke izango lanpostu publikoetara oposiziorik gabe sartzea. Hala ere, gure ustez, Udalak ahalegin berezia egin beharko luke FCCko langileak prozesu honetatik kanpo ez geratzeko. Hau da, gure iritziz, Udalak kontuan izan beharko lituzke langile hauek guztiek kale garbiketan egin dituzten urte guztiak.
----------
Joseba Beñat Elortondo
(Oñatiko LAB)
Oñati