-Gure ekintzak ez duela zerikusirik aurretik San Juan Bataiatzailearen irudiak jasandako erasoekin; hau da, besoaren eta bildotsaren lapurretarekin. Arrasateko historia ondarearen parte diren elementu guztiak errespetatzen ditugu.
-Ekintza sinboliko honetan santuaren irudiak ez zuen kalte fisikorik jaso (ez zen apurtu, ez margotu, ez lekuz aldatua izan...). Gau hartan egindako aldarrikapen politiko baten kanpaina baten barruan sartzen da.
-Gure helburua eredu patriarkalaren inguruko eztabaida bat sortzea da, non, gure ikuspuntutik, Eliza den eredu horren motor.
-Ez dugu uste San Juanen "sexualitatea" dudan jartzeak inor irain dezakeenik, guztiz kontrakoa, sexualitatea ez da gizon edo emakume izateaz definitzen, askoz zabalagoa da. Norbait iraindua sentitzen bada, ez du pertsonen arteko berdintasunean sinisten, eta ondorioz hetero-arauen menpe bizi da.
-Eliza da gizartearen askatasunei muga jartzen diena. Berak mantentzen ditu emakumeenganako bazterkeria eta, zer esanik ez, heterosexualak ez diren pertsonenganako jazarpen eta irainak.
-Udaleko hainbat alderdik gure ekintza iraingarri eta profanazio bezala jo dute edo "elkarbizitza eta errespetuaren aurka" doala esan dute, baina Eliza Katolikoa da gure gizartean elkarbizitza eta errespetuaren aurkako erasoaren paradigma. Guk iraingarri jokatu badugu, zelan definitu beraien jokaera? Ahaztu al ditugu homosexualen kontrako jarrerak, "familiaren" izenean? Eta abortuaren aurka egindako adierazpenak?
-Zuzentasun politikoari gehiegizko garrantzia ematen ari zaiola uste dugu, garrantzi handiagoko gai batzuk alde batera uzten diren bitartean. Hau bereziki larria da, protesta eskubidea bera zalantzan jartzen delako. Guk protesta egiteko eskubide osoa dugu. Horregatik, baten bat irainduta sentitzen bada, bere arazoa da. Baina ezkertiarra eta abertzalea ei den udal batek elkarbizitzaren izenean (!) protesta soil bat kriminalizatzeak zer pentsatua ematen du, benetan.
Honenbestez, lanean jarraituko dugu gizarte hetero-patriarkala amaitu arte! Amen.
----------
Janire Axpe
Arrasate