Bere mezuarekin erabateko adostasuna adierazi ondoren, gaiak sorrarazten dizkidan iruzkinak nahi nituzke partekatu, Iñaki berak aipatzen dituen baieztapen biren muinari egiten dizkiodan interpretaziotik abiatuz: bata, "lobby-ak ez dira berez gaiztoak"; eta bestea, "lobby-ak beharrezko ditugu, bereziki eta batez ere Ipar Amerikan, bertako gure lagun esanguratsuen bultzadaz baliatuz, Euskal Herriaren izaera berezia mundu osoaren ezagutzara eta onarpenera hedatu dadin eta dagozkion eskubideak bermatu daitezen".
Ez daukat inolako zalantzarik, lobby-en beharra daukagu, munduan nor izan nahi badugu.
Ezta beste adierazpenaren zuzentasunari buruz ere: lobby-ak ez dira gaiztoak, beren helburuak eta helburu horietarako ariketak eta ahaleginak gaiztoak ez badira.
Baina hemen aurkitzen dut arazo baten gakoa, eta galdera bidez aurkeztuko dut: ondo dakigu edo soilik badakigu arrazoibidez frogatzen gure helburuak eta horretarako ahaleginak ez direla gaiztoak, baizik eta eskubide ukaezinaren ondoriozkoak?
Ni ezezkoan nago esperientzia oso luzearen ondorioz.
Gure etxetik bertatik hasi eta batez ere Espainia eta Frantzia osoan ditugun arerio indartsuak –eta ez zait etsaiak deitzea ateratzen– behin eta berriz ari dira gure herriari, gure kulturari, gure hizkuntza bereziari buruzko proiektuen gaiztotasuna salatzen eta dagokien finantzaketa eragozten edota galarazten.
Eta nola erantzuten diegu? Gure sentimendu soiletan oinarritutako adierazpenekin? Era horretara erantzutea nahikoa al da?
Oraindik erabaki gabe dituzten Espainiako hauteskundeak direla-eta gauzatu diren eztabaidetan, adibidez, ez dut sumatu gure ordezkarien maila onik besteen erasoei erantzuterakoan. Hizkuntzari dagokionez, eskubide ukaezinei dagokienez eta beste hainbat gauzari buruz ez ziren gureak irabazle izan eta besteek bere horretan jarraitzea zilegi dute oraingoz.
Nire iritzia: ezin izango ditugu inoiz gure sentimenduetara erakarri, eurona askoz ere indartsuagoa delako, hain zuzen ere, baina gure eskubideak onartzera behartu ditzakegu, ahalik eta azkarren arrazoibide logikoa erabiltzean trebatzen bagara, zeren arrazoia eta arrazoiak izan, baditugu.
----------
Jose Antonio Villar
Komunikazio gaiei buruzko ikasle iraunkorra
Arrasate