Eskoriatza eta Kuatruenako bidegorria

Erabiltzailearen aurpegia Javier Errasti 2021ko urr. 1a, 00:00

Eskoriatzako herrigunea eta Kuatruenako etxeak lotzen dituen bidegorriaren ohiko erabiltzailea naiz. Hori dela-eta, Mazmelako bidegurutzetik Kuatruenara doan bidegorri zatiarekin lotutako bi konturen gainean jarri nahi dut arreta.

Lehenengo kontua: leku horretan ibiltarientzako eremu arriskutsu bat dago, eta ni neu ere ezbehar bat izateko zorian egon nintzen bertan. Errepidetik sartzeko aldapak malda handia du eta bidegorrian sartzen da, metro erdi inguru. Arazoa bistakoa da: bidegorriaren ertzetik bazoaz –bai taldean zoazelako, bai kontrako noranzkoan datorren jendearekin gurutzatzen zarelako, bai beste edozein arrazoirengatik–, eta maldan zapaltzen baduzu, desorekatzeko, irrist egiteko eta erortzeko arriskua handia da; batez ere, adineko pertsona bazara. Hori eragozteko, uste dut nahikoa litzatekeela zerbait jartzea; adibidez, hesi bat edo, estropezu eginez gero, errepidera erortzea saihesteko beste edozein irtenbide.

Bigarren kontua ni neu bezalaxe bidegorriaren erabiltzaile diren hainbat lagunek esan didaten zerbaitekin lotuta dago: oso ondo legoke zati horretan banku batzuk jartzea. Bereziki bidegorriaren erabiltzaile zaharrenek eskertuko lukete. Gainera, uste dut banku batzuk jartzea ez dela batere zaila: ez lioke Eskoriatzako Udalari inolako arazorik sortu behar, ez gehiegizko gastuarena, ez itxitura beharrezkoa den lekuan atzeratzeko ere –portzierto, duela gutxi, batzuek bidegorriaren ertzeraino aurreratu zuten itxitura–. Ildo horretan, honako hau kontuan izan behar da:

-Gipuzkoako Errepideen eta Bideen Foru Arauak ezartzen duenez, edozein itxitura gutxienez bide baten ertzetik metro batera egin behar da.

-Eskoriatzako Udalak trenbidearen lurrak erosi zituenean, 5 metroko zabalera erosi zuen; bidegorriak egun hartzen duena baino dezente gehiago, beraz. Nik egin dudan bezala, erosketa eskritura irakurtzen duen edonork egiazta dezake aipatutakoa.

Horiek horrela, egindako bi eskaerekin ados dauden herritarrak, batik bat bidegorriaren ohiko erabiltzaileak, animatu nahi ditut nik egin bezala Eskoriatzako Udalari aipatutako eskaera helaraztera. Izan ere, zenbat eta gehiago izan eskaera egiten dugunok, orduan eta errazagoa izango da eskatutakoa lortzea.

----------

Javier Errasti

Eskoriatza

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak