Tamalez, salatutakoa ez da ezohiko kasua, gure eskualdean bertan antzeko egoerak izan baitira beste herri batzuetan ere. Gipuzkoan, Euskal Herri osoan eta Euskal Herritik kanpo ere antzeko kasuak nonahi gertatzen dira. Horrelako egoerak gutxi batzuen berekoikeriaren, beste askoren utzikeriaren eta hainbat eta hainbat udalen jokabidearen ondorio dira. Izan ere, udal askok bide publikoak arazo gisa ikusten dituzte, ez babestu beharreko ondare gisa. Hori dela eta, erabilera publikoko ondasunak babesteko legez dagokien betebeharrari uko egiten diote udal askok, ezin baita ahaztu bide publikoak herri ondarearen parte direla.
Orain dela mende eskas bat, Goiena aldizkarian salatutako moduko gertaera bat guztiz ezinezkoa izango zen gurean, Aramaioko herritarren erabateko arbuioa sortuko baitzuen, 1930ean Eskoriatzan geratu zen bezala. Bideak gure historiaren parte dira, iraganaren lekukotasun bizia, baina etorkizuna ere badute. Baina bideak gal daitezen uzten badugu, norbanakoei inolako oztoporik gabe bide publikoen jabe egiten uzten badiegu, bideekin gure begien aurrean egunero-egunero gertatzen ari dena salatzen ez badugu, nola erakutsiko diegu gazteei gure historiaren parte hori? Nola egin behar dituzte euren jarduerak landa eremuan suhiltzaileek, mendizaleek, kirolariek, ehiztariek... bide publikorik gabe? Zer oztopo aurkituko dituzte landa eremuan edozein jarduera egin nahi duten herritarrek?
Hori dela eta, eskualdeko herritarrei eta mendi taldeei, landa eremuan kirol jarduerak edo kultur ekintzak antolatzen dituztenei, ikastetxeei, komunikabideei, talde ekologistei... bide publiko baten defentsan ari diren Aramaioko herritarrei babesa eta aitortza adieraztea eskatzen diet, etsi gabe lanean jarrai dezaten.
----------
Javier Errasti
Eskoriatza