Ziurtasunik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Jone Alaitz Uriarte 2020ko api. 13a, 00:00

Etxeko sukaldean arbel beltz bat daukagu eta bertan, gauero, klarionaz marratxo bat irudikatzen dugu, kartzelako iruditegi mitiko hori imitatuz; konfinamendua hasi zenetik errepikatzen dugu. Jada 11. marratxoa margotu dugu. Dena den, konfinamendu pribilegiatua da nirea, guztia esan behar da eta. Bikotekidea eta biok gaude etxean, eta, oraingoz –oraingoz terminoa erabiltzen dut egun hauetan ziurtasunak eskasak direlako–, telelanean gabiltza ordutegi malgu batean gure wifi-gmailhangouts-zoom-vpn-meet guztiak ongi instalatuta eta kea dariela. Osasuntsu gaude –edo hori ematen du, behintzat; ziurtasunak eremu honetan ere gutxi–, eta gure gertukoek ere hala dirudite. Ez da gutxi, ezta?

Koronabirusa orain arte egon den birusik demokratikoena dela entzun dut. Birus honek ez du ez klasea, ez generoa, ez nazionalitatea ezta arraza kontuan hartzen, pandemia honek berdin kutsatu ahal ditu aberats, txiro, zuri kaukasoar, hori txinatar, emakume edo gizonak. Lehen aldiz guztioi batera gertatu zaigun zerbait da eta aurrekari falta honek eta guztioi toka dakigukeelako beldurrak jarri ditu alarma guztiak martxan, azpiegitura eta erakunde guztiak funtzionamenduan –armadarena barne–, guztion kontzientziak astindu ditu eta elkartasun keinu eta ekintzak han eta hemen biderkatu dira. Izan ere, guri gertu tokatu izan zaigun arte, aitortu dezagun ez ditugula oso serio hartu birus honen nondik norakoak, nahiz eta Txinako hondamendia denbora errealean eman izan diguten gaueko Teleberri-n. Dena den, ikusi beharko dugu nola erreakzionatzen dugun gure alarma lausotu eta epidemia Hego Amerika edo Afrikako zoko baztertuenetara heltzen denean.

Egoera berri honek berezko dakarren etorkizuneko perspektiba desmarraztu hori da buruan bueltaka darabildan izu formako ideia. Gripe bat pasatakoan, badakizu behin sendatuta kalera irten eta guztia utzi zenuen bezala aurkituko duzula: umeak plazan jolasten, herriko dendak betiko bezeroekin bata bestearengandik gertu, kontzertuak iragartzen dituzten kartelak hormetan itsatsita eta ostegunetako pintxo-potea. Baina oraingo honetan, ziurtasun horrek ere ihes egiten digu: nolakoa izango da gure egunerokoa hau guztiau bukatzen denean? Eider Rodriguezi gaur bertan irakurri diot gure mundua eta askatasuna prekarioagoak izango direla. Eta hala uste dut nik ere. Agian, istorio honetako lehen ziurtasuna hau. Eta bitartean?

Bitartean, egunean egunekoa bizitzera kondenatuak gaude. Konfinamendu honek behartu gaituen lau hormen barruko mikroklimari ohitu behar gatzaizkio, balkoiek ematen diguten arnasgune eta discoparty aisiguneak barne. Baina nola bizi oraina, gure burua etorkizun hurbil batera proiektatua ikustera ohituak baldin bagaude? Praktika falta dugu orainaldian bizitzen, biharkoaren mamu desiragarri hori ate-joka baitugu une oro. Zentzu honetan, Amador Fernandez Savaterrek komentatzen du dauden horretan egon ordez beti harago dauden izaki bihurtu garela, gure burua oso ateotzat daukagun arren, geroari begira bizi garela erlijiosoki, eta oraina zurrustaka sakrifikatzen dugula biharko salbazio baten izenean.

Eta orain? Oraina bizi, orainak dakartzan eskakizun eta betebehar guztiekin, gure ingurukoak zaintzen, ahaztuta genituen ohitura, jolas eta dedikazioak berreskuratuz, aspertzen ikasiz, aspertzeaz gozatuz, etorkizunaz gehiegi obsesionatu gabe, eta orainari, daukagun ziurtasun bakarrari, gure arreta guztia eskainiz

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak