Eta herri jakintza ere hor dau, mendez mende, ahoz aho igarotakoa. Landareak dira herri sendakuntzaren protagonista, baina ermitek ere badauke bere lekua. Hona hemen gida laburtxo bat inguruan topau leikezen ermita batzuen senda-ahalmenaz, Azkueren lanetatik atarata:
Haginetako mina kentzeko, Urkiolan Santa Apoloniaren ermita aurreko iturrira joan behar da; aho bete ur hartu eta, ermitari hiru buelta emun eta gero, ura ermita barrura bota.
Umeari ahultasuna kentzeko, Dorletara eruen ume gaixoak pisatzen dauen beste gari. Ume makalak sendatzeko ona ei da bere aitak, praka gainetik alkandora dindilizka dauela, gauerdian etxeari hiru bira emutea.
Arangioko Kurtzetara, San Kristobalen ermitara eroaten dira belarriko mindunak. Hara binajera baten orixua eroan behar da, handik ekarten dan orixua ordezkatzeko –hartzeko emun be egin beharko da!–. Orixo horrezaz bederatzi egunetan belarriak igortzen dittue.
Gerriko mindunak Santa Eufemiara (Irazola auzoa, Abadiño) eroaten dabez eta argizaria gerrian lotu ohi dautse mindunari. Olaetan, gerriko mindunak Aizgorrira joaten dira. Han gerrikoaz santuari ikututa, kurtzeak egin eta ermiteari bueltak emoten dautsez –hori egitten dauenak gerriko min gutxi!–.
Ume negartiak Ubideara sartzean dauen Santa Engraciara eroaten dabez; eta han, altara-gainean umea luze ipinita, errosarioa errezatzen da.
Buruko mindunak Oro-ko Andra Mariaren ermitara joaten dira; bigarren Paskoz eta Asentsio-egunean, kanpai-azpian belauniko jarri eta berrogei bider Kredoa errezatzen da, kanpaia eskuaz dan-dan-dan jota.
Horrelako nekeak hartuta, normala berehalakoan sendatzea!