Xulufrina eta botoa

Erabiltzailearen aurpegia Julen Arriolabengoa 2015ko api. 24a, 07:52

Apirileko egun hauetan, Bera (Nafarroa) aldeko mendi batean, justu leku jakin horretan –ez dizut esango non–, usainak erakarriko zaitu lehenik eta gero haien kolore biziak.

Mirariz bezala, mendia kapa arrosa batek estalia ikusiko duzu, mendijulufraiek osatutako kapa. Apirila noiz iritsiko zain izaten dira beratarrak, lore hauek eskaintzen duten ikuskizunaz gozatzeko. Haien bila joaten dira, loreekin apaintzeko etxeko txokoak. Hamabost eguneko kontua da. Egun horiek igarota, hurrengo urtera arte itxoin behar. 

Hauteskunde garaian, gure botoa ere lore preziatua da. Haren bila atera zaizkigu alderdiak. "Bai ederra zure botoa!". Ederki aztertuko dituzte bazterrak datozen egunetan.

Ez da lan erraza mendijulufraiak hartzea, sasien artean bilatzen baitute babesa. Zurtoin gogorra dute, gainera. Lore urria da. Gaur egun, Pirinioetan baino ez da agertzen berez. Hosto iraunkorrekoa da, eta pozoitsua. 

Alderdiek ere eginahalak egingo dituzte gure botoa zuztarretik ateratzeko, eta altxor preziatua bailitzan erakutsiko dute aulkiak banatzeko orduan. Guri, ordea, geure botoari tinko eustea dagokigu, pozoi edota hazi emankor bihurtuko den esperantzarekin.

Mendiko julufraiak, mendiko krabelinak. Iparraldean julufrai erraten diete krabelinei. Eta ederra denari ere xulufrina esaten zaio. Nafarroako kanta zahar batean (Xulufrina eta arrosa; Hiru Truku 2004), etxeko alaba (xulufrina) Nafarroako erregearen seme batekin (arrosa) ezkontzera doala-eta, pozik dira etxekoak. Azkenean, ordea, erregearen semeak zer edukiko eta, "boltsa zahar bat harri kiskorrez beterik". 

Gugana ere lausenguz etorriko dira boto eske, zein garrantzitsua den eta gu zein xulufrinak garen esanaz. Espero dezagun ez izatea inoren poltsak betetzeko; bai, ordea, gure herriak edertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak