... etxeetako zaborra biltzeari. Kale bazterretan hasi ziren pilatzen zabor poltsak eta Floren Labia pasatzen zan bere kamioiaz hareik jasotzen. Ordura arte, etxeko zaborra ortuetan zabaldu edo erretzen zan edo, bestela, errekara botatzen zan. Berehala ohitu ginen errekan lejía conejo, tomate latak eta ardau botilak ikusten, eta kaleetan zabor poltsak pilatuta.
Hasieran poltsa hareik Añebarriko presa gainean, errepide ondoan, hasi ziren pilatzen, bertan su emoteko. Segituan ikusi zan ha ez zala ideia ona: airean kiratsa, erreka zikin eta errepidean lainoa… eta fauna gora. Azkenean, Bolinburuko bide ertzean zabortegia zabaltzea erabaki zan eta hantxe pilatu ziren urteetan zehar Aramaixoko zaborrak oro, danetarikoak. Debekatua genduen hara hurreratzea, baina behin baino gehiagotan ibili ginen zabor pilo haren ke artean altxor txikien bila. Arta-ganbaran gordeta, vasquitos y nesquitas kaxa bat izan nuen hango altxorrez betea, egun batez desagertu zan arte. Gehienetan, ordea, karabinak hartuta joaten ginen hara, arratoi ehizan.
Baina zabortegi hark ere gainezka egin auen eta Aramaixoko zaborrak Arrasate aldera hasi ziren bidaltzen, hango erraustegira. Honek be ez euskun irtenbiderik emon; buruhausteak ugari bai, ordea. Aramaixoko zabortegia zein Arrasatekoa zigilatu egin zituzten, hau da, lurrez estali. Gaur egun Araba aldera bialketan dira zaborrak, han tratatuak izateko. Zabor mordoa, gero eta gehiago sortzen dugu. Sailkatu, ondigon erdia be ez. Eta sailkatu ezik, ezin birziklatu. Horretarako pauso bat izan leike atez atekoa. Helburua, berriz, zero zabor.
AHTren lanak Bolinburu ingurura iritsi zirenean, makinek lurrak mugitu eta zabortegi zaharreko altxorrak eguzkitara atera zituzten berriro. Han agertu zan nire vasquitos y nesquitas kaxa.