"Itsukeria"

Erabiltzailearen aurpegia Julen Arriolabengoa 2012ko ira. 25a, 02:00

Hondarribiko Udalak igaro berri diren jaiei buruzko balantzea...

... kaleratu du Jai parte-hartzaileen balantze positiboa egiten du udalak izenburupeko prentsa ohar baten bidez. Aski azterketa zehatza egiten du bertan jaietan izandako ospakizunez, jendearen joan-etorriez eta abarrez. Baina, harrigarriki, ez du hitz bat bera ere esaten irailaren 8ko arratsaldeko Alardean Jaizkibel konpainia Kale Nagusian gora zihoala gertatutakoaz. Udal Gobernuak ezikusiarena egiten du berriz ere muturren aurrean duen arazo larri eta latz baten aurrean.

Hedabideek mundu osoan zehar zabaldu dute istilu horien berri, jende anitzek ikusi ditu irudiak: emakumez, gizonez eta haurrez osatutako talde bat, euren jai kutunena ospatzeko asmoz kalea zeharkatzen ari delarik, espaloietatik, plastiko beltz baten atzean ezkutaturik dauden beste emakume eta gizon batzuen oihuak eta irainak entzun behar dituzte, baita mehatxuak ere. Bidea oztopatzen diete bortizkeriaz, bultzadak emanez… eta ertzainak ere oldartzen zaizkie, berez eurak defenditzeko badaude ere.

Hondarribitik kanpo galdetzen zaigunean zail gertatzen da azalpenik ez duena azaltzea, ulertu ezin dena ulertaraztea. Izan ere, bizikidetza arazo larria du Hondarribiak. Errealitate gordin horren aurrean begiak estaltzeak ez dio bat ere onik egiten herriari, are gehiago, Udal Gobernuaren jarrera horrekin jokabide matxistei hauspoa ematen zaiela esango nuke. Irainari eta intolerantzia erakusten duen adierazpen orori, baita kareta edo plastiko atzean ezkutatzen denari, aurre egin behar dio gizarteak, instituzio demokratikoak aurrean direla. 

Lan handia dugu hondarribiarrok tolerantzia eta errespetuzko baloreak zabaltzen, batez ere gure gazteen artean. Eta lan hori Udal Gobernuak bideratu behar luke, eskoletan, auzo elkarteetan eta abarretan kontzientziatze kanpaina bati ekinez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak