Parte hartzeez, mozalez eta torturez...

Erabiltzailearen aurpegia Julen Arregi Altuna 2016ko eka. 2a, 08:17

Arrasateko udal txit agurgarriak beste prozesu parte-hartzaile bat –beste bat– jarri du martxan.

Herriarentzat zuhaitz bat edo beste ipintzea benetan garrantzitsua denez, oraingoan, mural berri bat egitearen proposamenarekin datozkigu. 

Hasiera batean, behintzat, intzentzio onez datorrela iruditu arren, Arrasaten aplikatu nahi den Garbitasun ordenantza eufemismoaz saltzen diguten mozal legearen baitan kokatu behar dugu. Boteretsuen parametroetan herritar txintxo eta obedienteak ez garenon kriminalizazio saiakera lotsagabean.

Prozesu parte hartzaile honetan, 15.125 euro kobratuko dituen enpresa pribatu batek eginiko bost horma-irudiren artean aukeratu ahal izango dugu. Ez daukagu inongo zalantzarik horma-irudi hauek ederrak eta erakargarriak izango direla. Baina, akaso, prozesu parte-hartzaileaz baino gehiago, aukeraketa prozesuaz hitz egin beharko genuke. Parte hartzeaz hitz egitean, eztabaida ez baita zein den politago, benetan herriak behar duenaz eztabaidatzeaz ari gara eta.

Herri honetan bada jende nahikoa horrelako proiektu baten zati izateko gogotsu dagoena. Bertakoa eta bertako errealitatea eta idiosinkrasia ezagutu eta ulertzen duena.

Pareta horretan urte luzez mural desberdinak egon dira, ez, agian, bereziki ederrak, baina herri honen errealitatearen adierazleak bai. Stop tortura eta Egunkaria aurrera. Ez dira gauza politak. Ez. Baina hor daude. Presente eta gordin. Ez dira artistikoak, ezta erosoak ere inorentzat. Herri honen errealitatearen isla baizik.

Garbitasunaren izenean, herri hontako ehundaka torturatuak eta Euskararen kontra sistemikoki egindako erasoak ahaztarazi nahi dizkigute. Gustoko ez den hori ezkutatu nahi da. Horrela, torturaren kontrako eta adierzapen askatasunaren aldeko aldarria zeren azpian ezkutatuko dugun aukeratu ahal izango dugu. Guztion parte-hartzeaz herria edertuko dugu, denok batera begiak itxiz eta errealitateari bizkarra emanez, ikusi nahi ez duguna existitzen ez delakoan.

Egoera honen aurrean, benetako prozesu parte hartzaile bat exijitzen dugu. 

Ez da larregi eskatzea, herritarrok gure buruari zor diogun gutxieneko errespetugatik bada ere.

----------

Julen Arregi Altuna, Asier Garai Zabaleta eta Manex Agirre Aranguren

(AGAKO)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak