Bertsolaritza tresna oso garrantzitsua da euskararen erabileran, besteak beste, hiztegia, ahozkotasuna eta hizkuntza bere osotasunean lantzen baitira. Hori dela eta, Bergaran, bertsozaletasunari eta oro har bertsolaritzari bultzada bat emateko beharra sumatzen dugu. Hamarkada askotan zehar gure herriak bertsolaritzarekin izan duen lotura gero eta ahulago dago, eta gure kulturaren oinarri izan diren ahozko literaturaren, kanta zaharren, kanturako joeraren eta bertsolaritzaren beraren transmisioa kolokan ikusten dugu.
Hau guztia dela eta, Jardunek galtzen ari diren ohitura eta zaletasun hauek Bergaran berpizteko haurren eta helduen bertso-eskola dugu. Azken hori, Gaztetxearekin elkarlanean. Haurren bertso eskolan irakasle, helduen bertso eskolako partaide den Joanes Plazaola arituko da. Eta helduenean aldiz, Garikoitz Lopez de Munain.
Hiru helburu ditu
Bertso-eskolaren helburuak hauek dira: Bergaran bertsozaletasuna berpiztea; Bergarako bertsozaleen transmisioa ziurtatzea; eta ahozkotasuna lantzea.
Herritarren bertsozaletasuna, bertso-giroa, bertso-grina berpiztu eta sendotu nahi ditugu. Baina, giro hau lortu ondoren, beharrezkoa da etorkizuna sendotzea, eta horretarako haurrekin lan egin beharra dago. Haurren bertso-eskolak zuzeneko transmisioa ziurtatuko liguke; haurrekin lan eginez gero, aurrerantzean gurpila bera bakarrik joango litzateke, gehiegizko energiarik eskatu gabe.
Haurren bertso eskolan giro paregabea
Haurren bertso eskolan osagairik garrantzitsuena taldean sortzen den giroa da. Bertso-eskola ez da ikastaro bat; aitzitik, bertsotan elkarrekin eginez ongi pasatzeko biltzen den lagun talde bat da. Horregatik, ezinbestekoa da lagun-giro hori landu eta bultzatzea. Bertso-eskola ez da inoiz modu magistralean emango. Irakaslea ikasleen eskura egongo den pertsona bat izango da, dakiena erakutsiko duena, baina irakasle bainoago, taldearen bultzatzaile, indartzaile, animatzaile, koordinatzaile eta arduraduna izango dena.
Eguaztenetan izango da haurren bertso eskola, 18:15etik 19:15era Zubietako eskolan. Helduen bertso eskola, aldiz, bi astean behin, eguaztenetan, gaztetxean.
Izena emateko jo Jardun elkartera –Errotalde jauregia– edo deitu 943 76 36 61 zenbakira.