... eta ondorengo triskantza eta Fukushimaren kontrolik ezari.
Gereziondoak loretan jartzeko garaian naturaren indarra lorearen edertasunean baino txikitzeko duen ahalmenean azaldu zaigu.
Zen-budismo erako lorategiak eta naturaren indarrenganako Shintoismoaren miresmena datozkit burura bertako jendearen izate eta jarrerak ikusita.
Beharbada milaka urtetan naturaren indar biak, sortzailea eta apurtzailea, ezagutu ondorengo jarrerak eta sinesmenak dira japoniarrek garatu eta gaur arte ekarri dizkigutenak.
Baina horra hor, Fukushima eta beste ez dakit zenbat zentral nuklear martxan jarriz, naturaren oreka nola apurtu den, kontrolaezin diren ondorioak sortuz. Etxerakoan, bide ertzean, gereziondo bat loretan ikusi dut, ederra iruditu zait. "Udaberria heldu da!", esan diot neure buruari. "Laino erradiaktiboa ordu gutxi barru helduko da Pazifikoa eta Ipar-Amerika pasa ondoren", entzun dut kotxeko irratian…
Garizuma hausnarketarako garaia omen da, nahiz eta ahaztu samar egon. Bat-batean hausnartu beharra izan dugu. Beharbada, "lurraren zaintzaren" ideia berreskuratu beharra dugu; hau da, geu, gizakiok, garela lurraren zaintzaile… bestela, ikusi, olatu baten eta gizaki-fukushimaren eraginez sortutako lainoa etxeraino heldu zaigu gure txikitasunaren mezulari.