Emakumeentzako eremu bat

Erabiltzailearen aurpegia Jon Albizu 2016ko mar. 6a, 00:00

Ezin naiz, ezta asmorik ere, emakumeen larruan jarri. Marika naiz eta gizon baten larrutik hitz egingo dut. Emakumeak ahalduntzeko espazio baten beharraz hitz egingo dut.

Iruñean ibili nintzen garaietan Kattalingorri espazioko kide izan nintzen: LGTBQ sentitzen ginen pertsonentzako espazioa zen. Lehenengo aldiz Aldapa kaleko lokalera ailegatu nintzenean, ederto hartu ninduten; etxean baino hobeto sentitu nintzen. 

Pertsona anitzak ginen; kolore zein izaera ezberdinetakoak. Babestuta sentitzen ginen gurea zen espazioan.

Bizitzaren bizipenez eta Kattalingorrin bizi izan nituen esperientziez indartu nintzen: ahaldundu nintzen. Hor bizitako guztia ez zen posible izango eremu misto batean. Ondo dakit ezetz. 

Baina etapa bakoitzak bere bukaera du. Horrelako espazioetan ibiltzeak ito egin ninduen; jada ez nuelako horrelakorik behar. 

Gaur egun, nirearen –eta marika, lesbiana eta trans askorena– eta emakume batzuen bizipenen arteko parekotasunak ikusten ditut. Gizarte patriarkal honek emakumeak ere gutxietsi ditu, gizonak goraipatuz. Ez ote dute behar emakumeek ere niri hain ondo egin zidan prozesua bera abiatzea? Baiezkoan nago. Eremu bat behar da, emakumeak ahalduntzen dituena; gero hegan egin ahal izateko. 

Aretxabaletan horrekin bueltan gaude: beharra ikusten dutenak eta ezezkoan daudenak ditugu. 

Horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko denon konpromisoa behar dugu; denon arteko adostasuna, alegia. 

Zelan gauzatu behar den behar hori bigarren platererako utziko nuke; oraindik entsaladan gaudelako. 

Ni baikorra naiz, nahiz eta gaia korapilatua egon; lana eta umiltasuna osagai onenak baitira.

Denbora inoiz ez da galtzen aukerak galtzen ez diren bitartean.

Oharra: beste egun baterako gaia: gizonak. Pribilegioz beteta gaudela ez dut dudan jartzen, baina dugun maskulinitate ereduak zoriontsu izaten laguntzen digu? Ez dut uste. Eta hori aldatzeko, ez ote dugu eremu aproposik behar?

----------

Jon Albizu

(EH Bilduko zinegotzia)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak